Gipuzkoako Foru Aldundiak Re-Think Industry jardunaldia aurkeztu zuen atzo. Jardunaldi horren helburua, Etorkizuna Eraikiz elkarlaneko gobernantzaren dinamikaren barruan, lurraldeko Enpresa Txiki eta Ertainek (ETEek) eraldaketa digitalaren arloan dituzten lorpenak eta erronkak partekatzea da, enpresa horiei lehiakortasuna sendotzen laguntzeko. Gipuzkoako hiriburuko Kursaalean martxoaren 31n egingo den hitzorduaren lehen edizioa da.

Ekonomia Sustapeneko eta Proiektu Estrategikoetako diputatua. Jabier Larrañagak, Jon Gurrutxaga Berrikuntzako foru zuzendariarekin batera, prentsaurrekoan aurkeztu zuen jardunaldia, eta nabarmendu zuen eraldaketa digitalak “paradigma aldaketa” dakarrela industrian, “Gure indar ekonomikoaren, enpleguaren eta ongizatearen zutabe nagusietako bat baita”.

“Gipuzkoa lurralde industriala, aurreratua eta kohesionatua izaten jarraitzea nahi dugu, eta horretarako gure enpresa txiki eta ertainei lagundu behar diegu jokoan asko dugun prozesu honetan”, azpimarratu zuen diputatuak, eta bilera horretan eraldaketa hori garatzeko informazio garrantzitsua eskuratuko dutela gaineratu zuen.

Egilea Andoni Beitia