Europar Batasuneko (EB) Nekazaritza ministroek Ukrainako gerrak nekazaritzako elikagaien arloan dituen ondorioei aurre egiteko neurriak eztabaidatuko dituzte gaur; Espainiak, berriz, hamabi herrialdek babestuta, erregaiaren prezioek arrantza-sektorean duten eragina arintzeko Europako ekintzak eskatuko dizkio Bruselari.

Ukraina, Errusiaren inbasio militarraren aurretik, zereal eta oleaginosoen esportatzaile garrantzitsua zen, garia, artoa edo ekilorea kasu, baina gerrak Ukrainako nekazaritza-produktuen salmentak geldiarazi ditu. Gatazka belikoak ez du arriskuan jarriko EBko elikagaien segurtasuna, baina ondorioak izan ditzake Ekialde Ertaineko eta Ipar Afrikako horniduran.

Europako Batzordea EBko lehen sektoreari laguntzeko neurriak prestatzen ari da, hala nola, txerri-haragia modu pribatuan biltegiratzeko laguntzak, krisi-erreserbaren erabilera edo lugorriko lurretan laboreak egiteko aukera. Izan ere, martxoaren 23an, Europako Batzordeak elikagaien segurtasunari buruzko komunikazio bat argitaratuko du, epe labur, ertain eta luzerako neurriak jasoko dituena.

Gerrak bat egin du nekazaritza sektoreak jada zekartzan arazoekin, energiaren edo pentsuen prezioen igoeragatik, txerri-haragiaren sektoreko krisiagatik eta, Espainiaren kasuan, lehorteagatik.

Testuinguru horretan, Roman Leshchenko Ukrainako Nekazaritza ministroak bideokonferentziaz hitz egingo du asteleheneko bileran, eta, ondoren, hogeita zazpi herrialdeetako titularrek bakarrik, Ukrainako krisiaren ondoren nekazaritza-merkatuek bizi duten egoera eta Batzordearen balizko erantzunak aztertuko dituzte. Espainiak EBren ekoizpen-ahalmena handitzea eta barne-merkatuaren funtzionamendu onari eustea defendatzen du, Erkidegoko klubeko estatuen arteko esportazioei mugarik ezarri gabe, iturri diplomatikoek adierazi dutenez.

Egilea Andoni Beitia