Asteazkeneko informazio-bilera jendetsuaren ondoren, Udalak, EEEk, Krean talde kooperatiboak eta Ekindar Azpeitiko lehen kooperatiba energetikoa sortzeko proiektuan parte hartu duten tokiko eragileek (ikastetxeak, Bertan merkatarien elkartea, Kulturaz Kooperativa eta Elikagunea) bazkideak erakartzeko proiektua jarri dute abian.

Proiektuarekin elkartu nahi duten pertsonek kalkulu pertsonalizatua egiteko eska dezakete, ordaindu beharko luketen zenbateko ekonomikoa zein den jakiteko.

Kontsulta hori www.ekindar.eus webgunearen bidez egin daiteke, edo posta elektronikoko mezu bat bidaliz info@azpeitia-ekindar.ekiola.eus helbidera (kalkulua egiteko argiaren faktura, NANaren zenbakia eta harremanetarako datuak bidali behar dira).

Ekindarrengan jarritako konfiantza “ekimenean parte hartu duten alde guztiei” eskertu ondoren, Nagore Alkorta alkate azpeitiarrak aitortu zuen proiektuak herritarren artean piztu duen interesak “gure itxaropenik onenak gainditu” dituela, eta ziur agertu zen “guztion artean gauzak beste era batera egiteko alternatibak aurkitzeko gai izango garela, eta pandemiaren eta Ukrainako gerraren ondorioz bizi ditugun krisietatik indartuta aterako garela”.

Bestalde, Hirigintza zinegotzi Josu Labakak azpimarratu zuenez, Ekindarren helburua “bazkideei abantaila ekonomikoak eskaintzea baino askoz gehiago da; izan ere, zero kilometroko energia sortuko dugu, gauzak beste era batera egin daitezkeela erakutsiko dugu eta sentsibilizazioan, demokratizazioan eta trantsizio energetikoan eragitea lortuko dugu”.

Zinegotziak adierazi zuenez, planta Urrestillan jarriko den eguzki-plakekin martxan jartzeko “ia izapide guztiak eginda daude”, eta, aurreikuspenak betetzen badira, energia sortzen hasiko da “aurtengo abenduan”.

Egilea Andoni Beitia