Cristina Ortega, AVS: “Emakumeen artean talentu handia dago”

Esku robotiko bat izango da. Marteko lur laginak bilduko ditu gero Lurrean aztertu ahal izateko. Laburtuz, horixe da AVS (Added Value Solutions) euskal enpresa teknologikoak Marteri buruz eskuartean duen proiektu berria. Cristina Ortega ingeniari aeronautikoa da Elgoibarren eta Arabako Teknologi Parkean egoitza bana duen konpainia honetako Espazio Arloko zuzendaria. Zientziarekin lotutako proiektuak garatzen dituzte bi lantegietan. Goi mailako zientzia lantzen dute, izan ere AVS izan zen orain dela urtebete Martera ibilgailu bat bidali zuten konpainietako bat. Kasu hartan Rover bat izan zen, hots, zazpi tresna zientifikoz hornitutako tona bateko gurpildun laborategi bat, zeinak arrakastaz gurutzatu baitzituen Lurraren eta Planeta Gorriaren arteko 470 milioi kilometroak. Ingeniaritzako mirari bat, Made in Basque Country elementu kritikoz egina, eta NASAk Martera arrakastaz bidali duen bosgarren ibilgailua.  

Sei gurpildun Rover horrek “Perseverance” du izena… Hori al da zure akuilua? Pertseberantzia? 

Bai, dudarik gabe! Pertseberantzia beti izan da nire akuilua, eta ezinbesteko osagaia Martera iritsi ahal izateko. Izen horixe nuen gustukoen NASAk bozketa irekirako argitaratu zuen zerrendan, eta asko poztu nintzen aukeratua izan zela jakitean. 

Zein dira Rover-aren azken berriak? 

Ibilgailuak urtebete darama Marteko lurrazalean meteorologiari eta harkaitzen konposizioari buruzko datuak biltzen eta teknologiak probatzen, etorkizunean etorriko diren esplorazio-misioak (robotikoak eta gizakienak) prestatzeko.  

Zer egiten du zehazki Espazio Arloko zuzendariak? 

Nire lana da AVSk garatzen dituen Espazioko proiektu guztiak koordinatzea. Gainera, ahalegintzen gara gero eta proiektu garrantzitsuagoak lortzen, hots, gure know-how-a zabalduko duten eta lehiakorrago egingo gaituzten proiektu disruptiboak eskuratzen. Garrantzitsuak izan nahi dugu espazioarekin lotutako arlo guztietan. 

Zer egin zenuten Perseverance ibilgailuan? 

Perseverance (proiektuan parte hartu dugun ingeniariok Percy deitzen diogu) ibilgailuak zazpi tresna dauzka barruan eta guk horietatik bitan parte hartu dugu. Bata da MEDA (Mars Environmental Dynamic Analizer) tresnan integratutako haize-sentsorea; estazio meteorologiko horrek Marteko atmosferaren ezaugarri desberdinak neurtzen ditu, hala nola tenperatura, hezetasuna eta haizea. Eta bestea da Supercam tresnako calibration target delakoa; kasu honetan, Supercam izeneko tresna hori Raman Libs espektografo bat da, zeina gai baita Marteko harkaitzen konposizioa neurtzeko. Horretarako, neurketa horiek alderatu behar ditu ezagutzen ditugun laginekin. Horregatik, gure calibration target-ak Lurreko 23 elementuren laginak eraman zituen, uste dugulako horiexek direla Marten aurki daitezkeenen antzekoenak. Sekulako erronka izan da lagina horiek Marteraino kalterik gabe garraiatzea, oso hauskorrak direlako, baina lortu dugu.   

Zein beste proiektu dituzue buruan? 

Martera joango den hurrengo misioan ari gara lanean; Mars Sample Return (MSR) deituko da, eta hainbat agentzia ari dira elkarlanean, esaterako NASA eta ESA. Oraingoan esku robotiko bat egingo dugu, eta hark bilduko ditu Perseverance rover-ak Marten zientifikoki interesgarriak diren hainbat tokitan jasotako lur laginak. Horrez gain, Ilargia esploratzeko egingo diren misioetan murgilduta gaude eta Lurra behatzeko misioetarako edo telekomunikazioetarako ekipoak garatzen ari gara.   

Nola egiten da lan NASArekin?  

Proiektuak iraun zuen bost urteetan, ostegunero elkartzen ginen NASArekin arratsaldeko 16:00etan. Asteroko azterketa moduko bat izan zen, azken momentura arte ez baikenuen jakin gure ekipoa Martera joango zenik. Baina asko ikasi genuen, zalantzarik gabe. Oso efizienteak dira jarduerak gauzatzeko orduan, aditu mordoa dauzkate, eta denak zeuden gure zerbitzura arazo bat genuen bakoitzean. Gainera, bost urte eta gero, lagun asko egin ditugu.  

Zientziak zergatik jarraitzen du izaten hain lur zekena emakumearen talentuarentzat? 

Gaur egun badaude gauza garrantzitsuak egiten ari diren emakumeak hainbat arlo zientifikotan, baina duela gutxi, duela belaunaldi bat eskas, lur erabat maskulinoak ziren.  Nire ustez, zenbat eta neskato gehiagok erabaki eremu zientifiko-teknologikoan garatu nahi dutela euren ibilbide profesionala, orduan eta presentzia handiagoa izango dugu maila guztietan, emakumeen artean badagoelako aski talentu ekarpen handia egin diezaiokeena zientziari. AVSn esaterako, emakumeak % 40 dira konpainiako departamendu guztietan.