MAIALEN MUSATADI / 2020-03-18/  Gureak, ezintasunak dituzten pertsonei lana lortzeko aukerak ematen dizkien euskal enpresa-taldea, atzerrian lehen ekoizpen-planta ireki du, bere lana nazioartera eramateko urrats berri bat emanez. Enpresaren industria-dibisioa martxoan ireki du fabrika berria, Mexikoko Puebla estatuan. Plataforma logistikoko eta muntaketa-instalazioko jarduerak egingo dira, eta merkataritza-bulegoko lanak ere egingo dira. Taldeak atzerrian egingo dituen ezarpenetatik lehena da Mexikokoa, baina dagoeneko eremu eolikoan jarduteko Europako iparraldeko herrialdeetarako planak baditu ere.

Orain arte Gureak nazioarteko merkatuan egon bada ere -produktuak mundu osoko 25 herrialdetan saltzen ditu, batez ere Europan, baina baita AEBetan, Brasilen edo Txinan –, Euskaditik kanpo fisikoki ezartzen den lehen aldia da. Gureak bezala, talde honek nazioartekotze-prozesu honetarako aukeratu duen tokiko partnerrak, Ciniak (Soltra taldekoa), dibertsitate funtzionala duten pertsonentzako lanpostuak sortzera bideratzen du bere jarduera.

Mexikoko lantegi berria Gureak-en industria-dibisioko automobilgintzaren sektoreko nazioartekotze-estrategiaren parte da. “Nazioartekotzearen inguruan hausnarketa estrategiko bat gauzatu dugu. Mundu mailako automobil-enpresa nagusien hornitzaileek potentzia eta ingeniaritza-gaitasun handiagoa duten beste hornitzaile globalak behar dituzte aldi berean”, adierazi dute Gureak taldeko automobilgintzaren arloko bozeramaileek.

Neurri honen helburua herrialde horretan taldeko bezeroen beharrei ematen zaien erantzuna indartzea da. Beste helburu bat Ipar Amerikako Merkataritza Libreko Itunaren (AEBak, Kanada eta Mexiko barne dituen NAFTA akordioa, haren ingelesezko izenagatik) merkatua lantzea da. Era berean, neurri hau Gipuzkoako Gureak taldeko lanpostuen iraunkortasuna bermatzeko balio izango du. Industria-dibisiotik nabarmendu dutenez, “Gipuzkoan lan karga bermatzeko presentzia globala garrantzitsua da”.

Datozen hilabeteetan Danimarkan ezartzearen aldeko apustua egingo du ere Gureak bere nazioartekotze estrategiaren beste pauso berri batean. Danimarkan energia eolikoaren alorrean lan egitea da helburua, eta etorkizunera begira Asia dute helburu.

300 langile

40 urteko ibilbidea du Gureak eta bere taldeko dibisio desberdinek (industria, zerbitzuen sektorea eta marketin sektorea) gaur egun 5.989 pertsonei ematen diete enplegua, hamarretik zortzik ezintasunen bat dutelarik. Mexikoko lantegian 2022rako 300 langile baino gehiago egongo direla aurreikusten dute.

3.300 m2-tan, Mexikoko lantegian automobilgintzaren sektoreari lotutako lanak garatuko dira. Ekintza horietarako dagoeneko lortu da IATF 16949 ziurtagiria, automobilgintzaren nazioarteko araua kalitate kudeaketa-sistementzako. Ziurtagiri honek hiru arlo azpimarratzen ditu: etengabeko hobekuntza, akatsen prebentzioa eta hornidura-katean aldaketen eta hondakinen murrizketa.

Gureak taldea ACICAE Euskal Autonomia Erkidegoko Automobilgintzako Klusterraren sortzaileetariko bat da eta, gaur egun, ia ibilgailu guztietan dauden produktuak egiten ditu. Osagai elektronikoak dituzten modulu multiteknologikoak sortzen ditu kotxeetako seinaleztapenerako; argiztapenarekin eta ikuspenarekin lotutako konexio-sistemen diseinua eta fabrikazioa egiten ditu; airbagetarako segurtasun kableak sortzen ditu; eta klimatizaziorako kableak osatzen ditu. Aldi berean, bolanteen kontsolen diseinua eta fabrikazioa burutzen ditu.

Avatar

Egilea Andoni Beitia