Eustaten datuen arabera, Euskal AEko industriako prezioak % 3,3 igo dira 2022ko otsailean, aurreko hilaren aldean. Otsaileko urte arteko tasa (azken hamabi hilabeteetan industria-prezioek izandako aldakuntza laburbiltzen duena) % 18,7koa izan da.

Azterketa xeheago batek agerian uzten du ezen, 2022ko otsailean, honako sektore hauek izan dituztela prezioetako hazkunderik handienak aurreko hilaren aldean: Energia elektrikoa, gasa eta lurruna (% 12,1 gora), Kokeriak eta petrolioa fintzea (% 5,0) eta Botiken fabrikazioa (% 3,8). Aitzitik, hil artean prezioetan jaitsierak izan dituzten sektoreak hauek izan dira: Erauzketa-industriak eta Garraio-materialaren fabrikazioa (% 2,2 behera); Ehungintza, jantzigintza, larrugintza eta zapatagintza (% 0,6ko jaitsiera) eta Produktu informatiko, elektroniko eta optikoen fabrikazioa (% 0,3 behera).

Ondasunen helburu ekonomikoaren araberako sailkapenari jarraituz, aurreko hilaren aldean prezioek izandako aldakuntzek zeinu positiboa izan dute honako sektore hauetan: Energia (% 8,0 igo dira prezioak), Bitarteko ondasunak (% 1,9) eta Kontsumo-ondasunak oro har (% 1,5). Azken hauen igoera Kontsumo-ondasun ez-iraunkorren % 1,6ko eta Kontsumo-ondasun iraunkorren % 0,6ko igoerek eragin dute. Ekipo-ondasunak, bestalde, % 0,5 jaitsi dira.

Urte arteko terminoetan, 2022ko otsailean, 2021eko otsailaren aldean, prezio-hazkunderik handienak honako adar hauetan izan dira: Energia elektrikoa, gasa eta lurruna (% 52,3ko igoera), Kokeriak eta petrolioa fintzea (% 39,7ko igoera) eta Industria kimikoa (% 21,9ko igoera). Kontrako noranzkoan, Ehungintza, jantzigintza, larrugintza eta zapatagintza sektoreko prezioak % 4,3 jaitsi dira, eta Garraio-materialaren fabrikaziokoak % 1,6.

Helburu ekonomikoaren araberako ondasun-talde handien prezioen urte arteko aldakuntza positiboa izan da denentzat: Energiarenak % 47,3 igo dira, Bitarteko ondasunenak % 15,5 eta Ekipo-ondasunenak % 3,7. Kontsumo-ondasunak, oro har, % 6,1 igo dira, Kontsumo-ondasun ez-iraunkorren prezioak % 6,4 igo direlako, eta Kontsumo-ondasun iraunkorrenak % 3,8.

Egilea Andoni Beitia