Euskadiko industria prezioak %3,3 igo dira otsailean, aurreko hilaren aldean, eta horrela, urte arteko tasa %18,7 izan da, Eustat euskal estatistika erakundeak plazaratutako datuen arabera.
Azterketa xeheagoa eginda, energia elektrikoa, gasa eta lurruna (%12,1 gora), kokeriak eta petrolioa fintzea (%5,0) eta botiken fabrikazioa (%3,8) sektoreek izan dituzte otsailean hil arteko prezioen igoerarik handienak.
Aitzitik, prezioetan jaitsierak izan dituzte erauzketa industriek eta garraio materialaren fabrikazioak (-%2,2), ehungintza, jantzigintza, larrugintza eta zapatagintzak (-%0,6) eta produktu informatiko, elektroniko eta optikoen fabrikazioak (-%0,3).
Ondasunen helburu ekonomikoaren araberako sailkapenari jarraituz, aurreko hilaren aldean prezioek aldakuntza positiboa izan dute energian (%8,0), bitarteko ondasunetan (%1,9) eta kontsumo ondasunetan (%1,5).
Ekipo ondasunen prezioak, aldiz, %0,5 jaitsi dira. Bestalde, urte arteko bilakaeran, energia elektrikoa, gasa eta lurruna (%52,3), kokeriak eta petrolioa fintzea (%39,7) eta industria kimikoa (%21,9) sektoreek izan dituzte prezioen hazkunderik handienak. Kontrako noranzkoan, ehungintza, jantzigintza, larrugintza eta zapatagintza sektoreko prezioak %4,3 jaitsi dira, eta garraio materialaren fabrikaziokoak %1,6.
Helburu ekonomikoaren araberako ondasun talde handien prezioen urte arteko aldakuntza positiboa izan da denentzat: energiarenak %47,3 igo dira, bitarteko ondasunenak %15,5, ekipo ondasunenak %3,7 eta kontsumo ondasunenak %6,1.