Gasteizko Villasuso Jauregian ‘GJHen aurrerapena Euskadiko udalerrietan’ jardunaldia egingo da astelehen honetan. Bertan, bi txosten aurkeztuko dira Garapen Jasangarriko Helburuen (GJH) betetze-mailari buruz toki-eremuan.

Topaketa Garapen Iraunkorrerako Espainiako Sareak (REDS) eta Euskal Herriko Unibertsitateak (UPV/EHU) antolatu dute, Eusko Jaurlaritzako Gizarte Trantsiziorako Idazkaritza Nagusiarekin eta 2030 Agendarekin, Gasteizko Udalarekin eta Ecoembesekin lankidetzan.

Jardunaldi hau jende guztiarentzat zabalik egongo da, aldez aurretik izena emanda, eta bi txosten aurkeztuko dira Garapen Jasangarriko Helburuen (GJH) betetze-mailari buruz, Gasteizko Udalak jakinarazi duenez.

Alde batetik, REDSk egindako ‘GJHak Espainiako hirietan’ azterlanaren berri emango da. Bertan Garapen Jasangarriko Helburuen (GIH) betetze-maila aztertzen da. Leire Pajín REDSeko presidenteak eta Inés Sánchez de Madariaga txostenaren zuzendarikideak aurkeztuko dute lana.

‘Euskal udalerriek GJHei egiten dieten ekarpena’ txostena ere aurkeztuko da, euskal udalerrien sareak (UDALSAREA) egina. Aurkezpena Agate Goyarrola IHOBEko ingurumen jasangarritasun arloko teknikariak egingo du.

Gainera, elkarrizketa-mahai bat egingo da Euskadin Garapen Iraunkorreko Helburuak ezartzeko lanetan buru diren alkate batzuekin. Aldi berean, Jonan Fernandez Eusko Jaurlaritzako Trantsizio Sozialeko eta 2030 Agendako idazkari nagusiak ‘2030 Agendaren Lehentasunen Euskal Programa’ aurkeztuko du.

Avatar

Egilea Andoni Beitia