MAIALEN MUSATADI / 2020-03-27/ Lanbide – Euskal Enplegu Zerbitzuak Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren kobrantzak aurreratuko dizkie hilabete honetan, salbuespen gisa, 52.000 hartzaileri baino gehiagori. Laguntza hori ohi bezala hileko azken egunean kobratu ordez, hartzaileek ostiral honetan jasoko dituzte, beranduenez, dagozkien zenbatekoak; hau da, gutxienez bost egunetan aurreratuko da ordainketa.

Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburu eta Lanbideko Administrazio Kontseiluko presidente Beatriz Artolazabalek gaur adierazi duenez, ezohiko neurri hori “Lanbide pertsonarik eta familiarik kalteberenei premiaz laguntzeko hartzen ari den neurri sortaren parte da”.

Artolazabalek adierazi duenez, “egungo ziurgabetasunaren aurrean, nolabaiteko egonkortasuna eskaini nahi diegu pobretzeko arriskurik handiena dutenei”. Gainera, argudiatu duenez, neurri horren bidez Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta jasotzen duten familiek likidezia izango dute ziurgabetasun-une honetan.

52.240 hartzaile

2020ko otsailaren amaieran, Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren titularrak 52.240 izan ziren, hau da, 2019ko otsailean baino 2.344 gutxiago eta 2015eko maiatzean baino 14.133 gutxiago (kopururik handiena data horretakoa da: 66.373 titular). Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta jasotzen duten familietako gainerako kideak barnean hartuta, errenta horren onuradunak 93.114 pertsona dira guztira.

Gaur egun, lau titularretatik bat (% 25,6) pentsioduna da, eta haien % 19,7k Laneko Diru-sarreren Errenta Osagarria jasotzen dute. Ezein diru-sarrerarik ez duten familia-unitateei zuzendutako prestazioak 28.569 dira, hau da, guztien % 54,7.

Titularren % 58,5 emakumeak dira. Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren titularren batez besteko adina 50,5 urte da. Nolanahi ere, emakumeena gizonena baino handiagoa da (51,3 urte eta 49,2 urte, hurrenez hurren).

Gizarte Larrialdietarako Laguntzen inguruko iradokizunak udalentzat

Bestalde, Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako Saileko Gizarte Zerbitzuen Zuzendaritzak gutun bat bidali die Euskal Autonomia Erkidegoko udalei, eta, bertan, Gizarte Larrialdietarako Laguntzen kudeaketaren inguruko iradokizun batzuk helarazi dizkie.

Gobernu Kontseiluak Eusko Jaurlaritzak laguntza horietarako egiten duen ekarpena 16 milioi eurotan gehitzea eta 43,5 milioi eurora iristea erabaki zuen atzo. Gaur, berriz, Gizarte Zerbitzuen Zuzendaritzak gutun bat bidali die laguntza horiek banatzeko ardura duten udal guztiei, alarma-egoera eragozten ari baita Gizarte Larrialdietarako Laguntzen ohiko kudeaketa. Udal batzuek egin dituzten kontsultak kontuan hartuta, Eusko Jaurlaritzak uste du testuinguru honetan udal bakoitzeko organo eskudunak Gizarte Larrialdietarako Laguntzak eskaera formal osoa eduki gabe kudeatzeko ezohiko erabakia har lezakeela, alarma-egoera dela eta.

Ildo horretan, Eusko Jaurlaritzaren ustez, oinarrizko informazioa (zinpeko adierazpenak barne) posta elektronikoz bidaltzeko aukera onar liteke. Kasurik muturrekoenetan, pertsonen egoeraren arabera (adina, bakarrik egotea eta abar), telefonoz helarazitako informazioa ere onar liteke. Edonola ere, erabakiak behin-behinekoak direla eta egoera amaitu ondoren berrikusiko direla zehaztu beharko da kasu guztietan.

 “Administrazioek neurri egoki ugari bultzatuta ere, pertsona askoren egoera ekonomikoak okerrera egingo du” adierazi du Artolazabalek. Hori dela eta, aurrerantzean, Gizarte Larrialdietarako Laguntzen ohiko onuradunek baino “pertsona gehiagok joko dute gizarte-zerbitzuetara laguntzak eskatzera. Hori dela eta, garrantzitsua da neurriak oraintxe bertan inplementatzea”.

Egilea Andoni Beitia