Bilboko Udalak maiatzaren 1ean amaitutzat emango ditu covid-19aren pandemia dela-eta ostalaritzako terrazak jartzeko eman ziren aldi baterako eta ezohiko baimenak.

Mahaitxoak zabaltzeko baimenak, Alde Zaharrean elementu modularrak jartzeko baimenak eta covid aldian emandako aparteko beste edozein baimen ere bertan behera geratuko dira. Neurri honen amaiera asteazken honetan adostu da Bilbao 2022 Planaren Jarraipen Batzordean, Udaleko alderdi politiko guztien babesarekin: EAJ-PNV, PSE-EE, EH Bildu, Elkarrekin Podemos eta PP.

Erabaki hori hartzeko, irizpide epidemiologikoak hartu dira kontuan, osasun-egoerari lotutako mugak eten ondoren. Gainera, neurria Bizkaiko Ostalaritza Elkartearekin aztertu da, “Azken bi urteetan egin den bezala”, Udalak ohar batean azaldu duenez.

Horrela, terrazak galtzadan desagertuko dira eta bertan behera geratuko dira terrazaren handitzeak, Alde Zaharrean elementu modularrak jartzeko baimenak eta larrialdi sanitarioaren indarraldian Udalak emandako aparteko beste edozein baimen.

Data horretatik aurrera, beraz, sasoiko baimenek bakarrik izango dute balioa, eta, ondorioz, terrazek pandemia aurretik zuten azalera hartuko dute berriro. Gainera, ez da aztertuko 2022rako emandako terrazen baimenen azalera handitzeko eskaerarik.

Udalak gogorarazi du Bizkaiko hiriburua dela Bizkaiko udalerri handietan oraindik horrelako baimenak indarrean dituen bakarra.

Egilea Andoni Beitia