Nerea Cantero Kultura, Hezkuntza, Euskara eta Gazteria zinegotziak jakinarazi duenez, Barakaldoko (Bizkaia) Udalak 131.000 eurora igo du aurten herriko elkarteei hirian kultur ekimenak antolatzen laguntzeko diru kopurua, hau da, 2021ean baino 8.500 euro gehiago.

Diru-laguntza kulturalak eskatzeko epea Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da. Elkarteek hilabeteko epea dute eskaerak erregistro telematikoaren bidez aurkezteko, www.barakaldo.eus udal webguneko egoitza elektronikoan.

Canterok gogorarazi duenez, duela bi urte Udalak 11.250 eurotan handitu zuen diru-laguntza kulturalen partida, eta 122.500 eurora iritsi zen. Aurrekontu berrian, “Kopuru hori berriro handitzeko eta udalerriko ahalik eta elkarte gehienetara iristeko beste ahalegin bat egin da, eta 131.000 euro banatu ahal izango dira”, nabarmendu du.

“Badakigu gure hiriko elkarteek lan handia egiten dutela kultura-jarduerak programatzeko orduan. Pandemiak markatutako azken urteak ez dira errazak izan, eta aurrekontuetan ahalegin hori egin nahi genuen, elkarteek udalerrian egiten duten lanarekin jarraitu ahal izateko, laguntza gehiago jasotzeko aukera izan dezaten “, azaldu du zinegotziak.

Urtean kultura-proiektuak edo -jarduerak egin dituzten toki-erakunde guztiek jaso ahal izango dituzte laguntzak, bai eta unean uneko edo ezohiko ekimenak egitea erabaki dutenek ere. Lehenengo kategorian 99.500 euro banatuko dira eta, bigarrenean, 31.500 euro.

Banaketari dagokionez, 24.500 euro bideratuko dira 5.000 eurotik beherako aurrekontua duten proiektuetarako; 32.000 euro 5.000 eta 10.000 arteko aurrekontua dutenentzat; eta 43.000 euro 10.000 eurotik gorako aurrekontua duten proiektuetarako.

Jarduera puntualak edo bereziak egiteko eskaerei dagokienez, zenbateko osoa 31.500 eurokoa izango da, eta kategoria bakoitzari dagozkion zenbatekoak 15.000 euro, 11.500 euro eta 5.000 euro izango dira, hurrenez hurren.

Doako aplikazioa

Diru-laguntzak publiko orokorrari zuzendutako programa, proiektu eta jardueretarako dira, literatura, argitalpenen sorkuntza eta edizioa, arte plastikoak, musika-ikuskizunak eta euskararen aldeko ekimenak zabaltzen laguntzeko.

Laguntza horiek kanal telematikoaren bidez izapidetu daitezke, www.barakaldo.eus egoitza elektronikoan eta Barakaldo APP doako aplikazio mugikorrean. Kultura Sailak informazio-bilera baterako deia egin die kultur erakundeei, eskaerak erregistro telematiko bidez aurkezteko baldintzari buruzko zalantzak argitzeko, apirilaren 11n, arratsaldeko 19: 00etan, Clara Campoamorren.

Canterok gogorarazi du 2022ko aurrekontu berria indarrean sartu zenean Barakaldoko auzoetako jaiak diruz laguntzeko partida ere handitu zela. Ildo horretan, Udalak 8.500 eurotik 10.000 eurora handitu ditu jai batzorde bakoitzak auzoetan jaiak garatzeko jasotzen dituen laguntzak. Gainera, Udalak bere gain hartzen du instalazio elektrikoaren eta agertokien muntaketaren ondoriozko kostua.

“Gure hiriaren garapen kulturalerako garrantzitsuak diren kolektiboak dira, eta bai diru-laguntza kulturalen bidez, bai auzoetako festen bidez, ekimen horiek bizirik jarrai dezaten laguntzen saiatzen gara”, ondorioztatu du Canterok.

Egilea Andoni Beitia