Vladimir Putin Errusiako presidenteak Olaf Scholz Alemaniako kantzilerrari jakinarazi dionez, Europako herrialdeek gas errusiarraren hornidura eurotan ordaintzen jarraitu ahal izango dute, Alemaniako Gobernuko bozeramaile batek azaldu duenez.

Steffen Hebestreit Gobernuko ordezkariak ohar baten bidez jakinarazi duenez, Scholzek eta Putinek telefonoz hitz egin zuten azken horren ekimenez, apirilaren 1etik aurrerako ordainketen gaia aztertzeko.

Buruzagi errusiarrak duela astebete iragarri zuen “herrialde etsaiek” Errusiatik datorren energia ordaindu beharko luketela errubloetan, eurotan edo dolarretan ordaindu beharrean.

Hala ere, Putinek “elkarrizketan azpimarratu zuen Europako kontratu bazkideentzat ez dela ezer aldatuko,” Iragarri du gaur arratsaldean Hebestreitek.

“Ordainketak eurotan egiten jarraituko da, eta Gazpromeko bankura transferituko dira, ohi bezala; izan ere, banku hori ez dago zigorren eraginpean”, gaineratu zuen, eta azaldu zuen erakundeak errublo bihurtuko dituela ondoren.

Ordu batzuk lehenago, Kremlinek jakinarazi zuen Putinek Scholzi eta Mario Draghi Italiako lehen ministroari azaldu ziela Errusiak zergatik erabaki zuen bere gasa errublotan kobratzea, eta ziurtatu zuen neurriak ez ziela eragingo Europako konpainiekin egindako kontratuei.

“Ordainketa-mekanismoaren aldaketa inplementatu egiten da, nazioarteko zuzenbidearen arauak urratuz, EBko kide diren herrialdeek Errusiako Bankuaren dibisa-erreserbak izoztu zituztelako”, azaldu zuen Errusiako Presidentetzak Putinen eta Scholzen arteko telefono bidezko elkarrizketa aipatzean.

Errusiako Presidentetzaren arabera, Putinek esan zion Alemaniako buruzagiari erabaki horrek ez dituela “Errusiako gasa inportatzen duten Europako konpainientzako kontratuetan ezarritako baldintzak okertuko”.

Alemania izan da Ukrainiako gerragatik Errusiari ezarritako zigorretan energiaren sektorea sartzeko gogo gutxien izan duen herrialdeetako bat, kontsumitzen duen gasaren % 55 herrialde horretatik baitator.

EBk uko egin zion Errusiak bere gasa errublotan kobratzeko exijentziari, eta indarrean zeuden kontratuen urraketa zela ziurtatu zuen.

Egilea Andoni Beitia