MAIALEN MUSATADI / 2020-04-06/ Gipuzkoako Aldundiak 390.000 aitorpen jasotzea espero du 2019ko Errenta kanpaina honetan, aurreko urtekoan baino 7.000 gehiago. Gipuzkoako Foru erakundeak egin dituen aurreikuspenen arabera, 288,8 milioi euro itzuliko dizkie Ogasunak zergadunei, eta hauek 264,2 milioi euro ordainduko dituzte. Saldoa guztira, beraz, 24,6 milioi euro negatiboa izango da Gipuzkoako Ogasunarentzako.
Ogasun eta Finantzetako foru diputatu den Jabier Larrañagak adierazi duenez, Gipuzkoako Foru Aldundiak bide berriak ireki ditu 2019ko Errenta kanpainan zergadun guztiek “etxetik mugitu gabe” aurkeztu ahal dezaten. “Covid-19 gaitza dela eta herritar gehienak konfinamendu egoera daude momentu honetan eta, ondorioz, ezinezkoa da aurrez aurreko arreta ematea. Beraz, atzeratu egin behar izan da errentaren modalitate mekanizatua. Hau honela izanda, gure ahalegin guztiak dauzkagun zerbitzu telefoniko eta telematikoetan jarri dugu”, esan du.
Era berean, azaldu du Zergabidea plataformak (zergabidea.gipuzkoa.eus) “berebiziko garrantzia” izango duela aurtengo Errenta kanpaina honetan. Orain arte bezala, autolikidazio proposamena jaitsi, aldatu eta onartu ahal izango da bertatik eta, jaso ez dutenen kasuan, Ogasunak dituen datu fiskalak jaitsi daitezke, hauekin aitorpena osatu eta aurkezteko. Falta diren datuen kasuan, hauek ere gehitzerik badago, eta beharrezko egiaztagiriak atxikitzeko aukera ere ematen du”, azaldu du Larrañagak. Zergabideara sartzeko beharrezkoa da klabe operatiboa izatea, B@kQ kodea, B@k kodea, ziurtagiri elektroniko edota posta eta pasahitz baten bidez erregistroa egitea. Hala ere, pausu hau errazte aldera, Ogasunak prozedura telematikoa jarriko du martxan, zergadunak etxetik mugitu gabe B@k klabea eskuratu dezan.
Gainera, Gipuzkoako Ogasunak nabarmen indartu du Errenta kanpainako telefonozko arreta zerbitzuan dagoen langileria (943113000). Aitorpena bere kabuz osatu ezin dutenentzat, berriz, foru erakundeak erraztu egingo du jarduera hau beste pertsona bati delegatzeko prozedura. Ordezkaritza emateko tramite hau ere guztiz telematikoa izango da. “Herritarrei helarazi nahi diegun mezua da beldurrik ez izateko eta ausartu daitezela Zergabidearen bitartez aitorpena aurkeztera, bereziki Ogasuneko bulegoetan aurkezteko ohitura duten zergadun horiek. Eta, kapaz ez direla uste badute, beste pertsona batean delegatu dezatela. Aukera denak irisgarriak dira oso eta irekita daude, zergadunaren esku-eskura”, azaldu du Larrañagak. Nabarmendu duenez, helburua da Errenta kanpainaren % 100 modu telematikoan egitea.
Datak
Apirilaren 6tik aurrera onartu ahal izango baitira autolikidazio proposamenak. Garrantzitsua da baita ere apirilaren 15a, egun horretan hasten baita internet bidez aitorpena aurkezteko epea, Zergabidea plataformaren bitartez. Uztailaren 29an, bestalde, bi modalitate hauek aurkezteko epea amaituko da. Hirugarren modalitateak, Ogasuneko bulegoetan egiten den errenta mekanizatuak, oraindik ez dauka datarik, egoera normaltasunera itzultzeko zain. Bitartean, foru erakundetik diputatuaren bitartez neurri honek kaltetu duen kolektiboari helarazten dion mezua da aitorpena internet bidez aurkeztearena.
Autolikidazio proposamenak
Autolikidazio proposamenei dagokionean, Aldundiak 257.714 proposamen osatu ditu, aurreko urteko kanpainan baino 7.100 gehiago. Hauek 303.074 zergadun gipuzkoarrei eragiten diete, hau da, aitorpen guztien % 66,1. Jada 60.000 inguru bidali ditu Ogasunak, eta aurreikuspenen arabera, 221.000 zergadun izango dira modalitate hau aukeratuko dutenak bere aitorpena aurkezteko. Proposamenak web orrian ere kontsultatu daitezke, honako esteka honetan: www.gipuzkoa.eus/ogasuna/proposamena. “Zergadunarentzako modalitaterik erosoena da zeren eta, hau ados badago, proposamena onartzea besterik ez da”, azaldu du diputatuak.
Proposamena onartzea posible da baita ere zenbait kontzeptu aldatuta: etxebizitzan alokairuengatik lortutako etekinak, lokalak alokatzeagatik lortutakoak, ohiko etxebizitzaren alokairuaren kenkaria, dohaintzengatik kenkaria eta kuota sindikalaren kenkaria. Onarpena emateko NAN eskatuko da, eta baita proposamenean agertzen den kodea ere. Telefonoz egin daiteke, 943113000 zenbakira deituta (aldaketarik gabe, 8:00etatik 20:00etara; aldaketekin, bestalde, 8:00etatik 15:00etara). Onarpen edo aurkezpen epea uztailaren 29an amaituko du, ohikoa baino hilabete beranduago.