Arratiako 24 enpresek konpromisoa hartu dute arlo sozioekonomikoan euskara sustatzeko, eta helburu hori lortzeko, datozen bi urteetan eusGara zerbitzuak eskaintzen dizkien tresnak baliatuko dituzte. Doako zerbitzua da, eta bere helburua da Arratiako arlo sozioekonomikoan euskararen erabilera areagotzea. Enpresen esku jartzen dituzte honako baliabideak: itzulpen zerbitzua, hizkuntza aholkularitza, diru-laguntzen kudeaketa, edo trebakuntza saioak. Enpresa handi zein txiki, arlo ugaritan diharduten lantegiek egin dute bat eusGara komunitatearekin, eta denen artean, 1.300 behargin baino gehiagori ematen diote lan.

Errota fundazioak kudeatzen duen zerbitzua da eusGara, sinadura ekitaldia egin dute Igorren. Euskararen erabilera handitzeko konpromisoa hartu duten 24 enpresetatik hamahiru enpresek hartu dute parte bertan. Zerbitzua diruz laguntzen dute Bizkaiko Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak, eta sinadura ekitaldian izan dira proiektuaren bultzatzaile diren erakundeetako ordezkari nagusiak: Iratxe Goikoetxea Errota fundazioko koordinatzailea; Lorea Bilbao Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol saileko foru diputatua; eta Miren Dobaran Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburuordea.

Arratiako udalak ere presente egon dira ekitaldian, Errota fundazioaren parte diren heinean. Sei herritako alkate edo udal ordezkari egon dira Igorreko ekitaldian: Igorre, Lemoa, Dima, Artea, Areatza eta Bedia. Euskalgintzatik, bestalde, AEK euskaltegia eta Begitu hedabidea gerturatu dira, eta sindikatuen aldetik ELA.

eusGara proiektuaren helburuak gogora ekarri ditu Iratxe Goikoetxeak ekitaldian: “Duela lau urte ikusi genuen garrantzitsua zela lan munduaren garapena euskararekin lotzea. Lurraldearen garapenak euskaraz izan behar zuela ikusi genuen”. Azken batean, euskarak balio erantsia ematen diolako lan munduari, bere esanetan. Arratiako arlo sozioekonomikoa euskalduntzeko, erakunde, enpresa eta eragileen arteko elkarlana goraipatu du. “Arratiako lan eremuak euskalduna izan behar duela sinistuta gaude; enpresa hauek guztiek gurekin bat egiteak helburu hori lortzen lagunduko digu”.

Lorea Bilbaok ere hitz egin du sinadura ekitaldian, lan munduan euskarak duen garrantziaren inguruan: “Funtsezkoa da lanerako saltoa ez izatea eten bat euskarari dagokionez. Eskolan, institutuan, lanbide heziketan edo unibertsitatean euskaraz ikasi ondoren behar-beharrezkoa dugu horri segida ematea lanean ere. Euskara gizarte alor guztietan eta adin-tramu guztietan erabiltzea da gakoa, guztiontzat eta egoera guztietarako”.

Miren Dobaranen arabera, “euskararen iraunkortasunari begira, inozko aukerarik onenean gaude hizkuntza politikan eremu ekonomiko pribatuan pauso ausartak emateko”. Horregatik esan du eusGara proiektua erabat dela estrategikoa hizkuntza politikaren ikuspegitik. Eta erakunde ezberdinen arteko elkarlanaren balioa goraipatu du: “Balioa eransten dio erakunde desberdinak elkarrekin lanean jartzen gaituen heinean. Balioa eransten dio, halaber, ulertzen duenean euskaratik ardatz litekeen jarduera ekonomiko sistematizatuak eratu eta egonkor litezkeela. Ibili dabilenaren jakintzaren mezua baliagarria zaigu etorkizuneko jarduera ekonomikoa bestela irudikatzeko. Euskaratik ere irudikatzeko”.

Arratiako arlo sozioekonomikoa euskalduntzeko orain arte egindako lanketari bi ildo berri gehitu dizkio aurten eusGarak. Izan ere, bi pilotaje abiatu ditu turismo sektorean eragiteko, eta Lanbide Heziketako ikasketak egiten dituzten ikasleek praktikak euskaraz egin ditzaten. Horrez gain, 2020an auto tailerrekin abiatu zen kanpainaren ondorioz bat egin zuten tailer batzuek ere jarraitzen dute zerbitzuarekin.