Maria Chivite Nafarroako presidentea Irurtzunen izan da, Gobernuaren eta toki entitateen arteko Elkarrizketa Konferentzia berriaren bosgarren bileran. Bertan, Nafarroako Gobernuak Sakanako garapen iraunkorrarekin duen konpromisoa adierazi du.

Ekitaldian, 2021ean eta 2022an eremu horretan egindako jarduketa nagusiak errepasatu ditu; besteak beste, Arakil, Irurtzun, Altsasu eta Lekunberriko industrialdeetan 30 milioi euro inbertitu ditu, inguruko errepide-sarea hobetzeko 2 milioi euro, eta Arakil parean korridore ekologiko bat sortu du autobiaren gainean. Irurtzungo Kultur Etxean egin den topaketan José Mª Aierdi bigarren lehendakariorde eta Lurralde Antolamendu, Etxebizitza, Paisaia eta Proiektu Estrategikoetako kontseilariak eta inguruko udal ordezkariek ere parte hartu dute.

Lehendakariak, bere hitzaldian, Nafarroako Gobernua zonaldearen garapen industrialari ematen ari zaion bultzada azpimarratu du, Arakil, Irurtzun, Altsasu eta Lekunberriko area industrialen plangintzan eta sustapenean 30 milioiko inbertsioak eginez. Era berean, aipatu du 2 milioi euro baino gehiago bideratuko direla inguruko errepide-sarea eguneratzeko eta hobetzeko. Ildo horretan, duela gutxi, Irurtzungo saihesbide berriaren obrak hasi dira, 1,1 milioiko aurrekontuarekin; 650.000 euro esleitu dira Izurdiagan A-15 errepiderako lotune bat eraikitzeko, eta 360.000 euro Goizuetako NA-4150 errepidearen bihurguneak hobetzeko proiekturako.

SAKANAKO KORRIDORE EKOLOGIKOA SORTZEA

Chivitek azaldu du Sakanako korridore ekologikoa sortzeko proiektua, REACT funtsetatik 5 milioirekin finantzatuta dagoena. Korridore hau Etxarri Aranatzen dagoen autobiaren gainetik 100 metro inguruko fauna-pasabide bat da, eta Aritzalko hariztiaren bi eremuak lotuko lituzke. “Kontserbaziorako garrantzi handia duen eta tokiko ekonomiarentzat bultzada garrantzitsua den konektibitate ekologikoko arazo bat konpondu nahi duen” jarduera dela azpimarratu du.

Osasunari dagokionez, presidenteak esan du Altsasuko osasun-zentroan plaza finkoa duten hiru mediku hasiko direla lanean, “Asistentziaren kalitatea hobetzen lagunduko dutenak”, plantillaren behin-behinekotasuna murriztuz.

Hezkuntza arloan, datorren ikasturtean Sakanako LHIko hezkuntza eskaintza gradu gehiagorekin zabalduko dela adierazi du, eta ikasturte honetan Nafarroako ATECA lehen geletako bat estreinatuko dela, “Teknologia aplikatuko guneak, non prestakuntza ematen den, adibidez, errealitate birtuala erabiliz”, esan du presidenteak. “Hezkuntzaren kalitatea eta prestakuntzaren berrikuntza hobetzearen aldeko apustu garbia da”. Chivitek aipatu du, halaber, Nafarroako Gobernuak Sakanako Garapen Agentziarekin sinatu zuten hitzarmena banda zabalaren hedapena errazteko. Horren ondorioz, 116.000 euroko inbertsioa egin da abiadura handiko Internet 19 herritara eramateko.

Egilea Admin