Eustatek landutako datuen arabera, 2022ko otsailean Euskal AEko industria-produkzioa 2021eko hilabete berean baino % 10,9 handiagoa izan da, lan-egutegiko termino homogeneoetan.
Urtaroen eragina zuzendu ondoren, 2022ko otsaila aurreko hilabetearekin alderatuz gero, Euskal AEko industria-produkzioak % 0,7ko igoera izan du.
2022ko otsaileko indizeak 2021eko otsailekoarekin alderatuta izan duen bilakaera positiboa izan da industria-sektore handi guztietan. Ekipo-ondasunek (ibilgailu motordunen fabrikazioa, tren-makinen eta trenbide-materialen eraikuntza eta aireontzi eta itsasontzien eraikuntza barnean hartuta) % 19,6ko igoera izan dute aurreko urteko otsailarekin alderatuta, eta Energiak, berriz, % 11,9ko igoera. Sektore horretan, energia elektrikoaren produkzioa eta hornidura eta petrolioaren fintzea sartzen dira.
Kontsumo-ondasunek % 12,1eko igoera izan dute oro har. Zehazki, igoera hori % 13,4ra iritsi da Kontsumo ez-iraunkorreko ondasunen kasuan, eta % 7,3ra Kontsumo iraunkorreko ondasunen kasuan. Kontsumo ez-iraunkorreko ondasunen epigrafean, elikagaiak prozesatu eta kontserbatzeko, garbiketa- eta higiene-produktuak fabrikatzeko eta jantziak egiteko jarduerak biltzen dira. Kontsumo iraunkorreko ondasunen sektorean, berriz, altzarien fabrikazioa eta etxeko aparatuena sartzen dira, besteak beste.
Bitarteko ondasunen kasuan (metalurgia-jarduerak, produktu metalikoen fabrikazioa, industria kimikoa eta kautxuzko eta plastikozko produktuen fabrikazioa), % 5,0ko igoera izan da urtetik urtera.
Makineria eta garraio-materiala, pisurik handiena
Desagregazio handiagoko maila batean, Euskal AEko industrian pisurik handiena duten sektoreen artean 2022ko otsailean urtetik urterako igoerarik handiena izan dutenak honako hauek izan dira: Makineria eta ekipoa (% 23,4ko igoera), Garraio-materiala (% 17,0ko igoera) eta Energia elektrikoa, gasa eta lurruna (% 16,8ko igoera). Bestalde, produkzioan behera egin duen sektore bakarra Zura, papera eta arte grafikoak izenekoa izan da, eta % 0,6ko beherakada izan du.
Industria-produkzioaren indizeak otsailean izan duen urtetik urterako bilakaera positiboa izan da hiru lurralde historikoetan: Gipuzkoan, igoera % 14,8ra iritsi da, Bizkaian % 9,4ra, eta Araban, berriz, % 7,1era.