Eusko Jaurlaritzak salbuespenezko neurriak aplikatuko ditu obren kontratu publikoen prezioak berrikustean, lehengaien kostuek izan duten igoera handiagatik.

Prezioen gorakada horrek “zailtasun handiak” ekarri ditu kontratu horiek gauzatzeko, eta gainditu egin ditu kontratistak kontratu publiko orotan hartu behar dituen arriskuak, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak asteko Kontseiluaren bileraren osteko agerraldian azaldu duenez.

Eusko Jaurlaritzak eta toki-erakundeek sustatutako obra-kontratuetarako erabilitako materialen kostuaren igoerak kontratuaren indarraldian eta amaitu arte kontratuaren ekonomian eragin zuzena eta garrantzitsua izan duenean onartuko da prezioen salbuespenezko berrikuspena. Hori bai, berrikuspenaren zenbatekoa ezingo da izan kontratuaren esleipen-prezioaren % 20 baino handiagoa.

Alde horretatik, Jaurlaritzak uste izango du eragin hori dagoela materialen kostuaren igoera kontratuaren zenbateko ziurtatuaren % 5 baino handiagoa denean, urteko ekitaldi bat baino txikiagoa eta bi baino handiagoa izango ez den aldi batean.

Gobernu Kontseiluaren gaurko akordioari esker, Espainiako Gobernuak obra-kontratu publikoetan prezioak berrikusteari buruz ezarritako araudia aplikatu ahal izango da Euskadin, kontratu horiek autonomia-erkidego bakoitzari aplikatzen zaizkionean.

Sektore publikoko obra-kontratuen aldizkako berrikuspena indarrean dagoen araudian jasota badago ere, orain planteatzen dena salbuespenezko neurri batzuk dira, adibidez, prezioen berrikuspen hori jaso ahal izatea ahalbidetuko dutenak baldintza-agiririk ez duten kontratuetan.

Era berean, aukera hori izango dute, baldintza-agirietan prezioen berrikuspena jaso arren, kontratuaren zenbatekoaren % 20 gauzatu ez duten kontratuek edo kontratua formalizatu zenetik bi urte igaro ez diren kontratuek.

Zupiriak adibide gisa jarri du Bilboko Arte Ederren Museoa handitzeko lanak % 9 garestitu direla, horietarako behar den altzairua % 20 igo baita lehengaien kostuaren igoeragatik.

Egilea Andoni Beitia