MAIALEN MUSATADI / 2020-04-21/ Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailak atari berri bat jarri du martxan interneten: #covid19Laguntzak. Haren helburua da EAEko herritarrei, gizarte-zerbitzuen profesionalei eta EAEko hirugarren sektoreko erakundeei COVID-19aren eraginari aurre egiteko dauden gizarte-laguntza guztien gaineko informazio osoa eskueran jartzea.

Bilatzaile exhaustibo eta oso bat da, eta hainbat kanaletatik heldu daiteke bertara: euskadi.eus webgunea, edo www.covid19laguntzak.siis.net helbidea, gaztelaniaz, eta www.covid19laguntzak.siis.net/eu, euskaraz.

Atari horren bitartez, Covid-19ak eragindako ondorio kaltegarriak arintzeko askotariko erakunde eskudunek abian jarri dituzten laguntza eta prestazio ekonomiko guztien gaineko informazioa ematen da.

Bilatzaileak balio du aktibatu diren prestazioak laster eta erraz aurkitzeko: langabeziarako, diru-sarrerak gutxitzeagatik, etxebizitzarako, kontziliaziorako edo oinarrizko beharrizan eta hornikuntzetarako. Gainera, etengabe eguneratzen den atariak erraztu egiten du Eusko Jaurlaritzak, Foru Aldundiek eta Espainiako Gobernuak martxan jarritako laguntzak, prestazioak, luzamenduak eta salbuespenak kontsultatzea.

Laguntza bakoitzaren ezaugarriei buruz dagoen informazioa bistaratu ez ezik, atari berriak, gainera, organo kudeatzailerako esteka bana ematen du, laguntza bertan eskatu ahal izateko. 

Adibidez, bilatzaileak aukera ematen du DSBE edo RGIren hartzaileek izan ditzaketen zalantzak argitzeko: ezin dute Aldi baterako kontratu-amaierako langabezia-sorospen berezia eskatu, bateraezina baita dagoeneko jasotzen duten laguntzarekin; aldiz, Etxe-zerbitzarientzat onartutako sorospen berezia jaso dezakete. Edo 30 urte baino gutxiago duten gazteek ezagutu dezakete zein prestazio dituzten alokairurako laguntzak jasotzeko, edo zer eska dezaketen aldi baterako enplegu-erregulazioko espediente edo ERTE batean badaude. 

“Asmoa izan da bilaketa errazak egiteko balio duen erreminta bat sortzea, hala herritarrentzat nola gure profesionalentzat; alarma-egoera dela eta, pertsona batek behar izan dezakeen informazio guztia eguneratuta ematen duen mapa bat”, nabarmendu du Marian Olabarrieta Gizarte Zerbitzuetako zuzendariak. 

Egilea Andoni Beitia