Ekonopolok, ekonomia eraldatzaile horren erreferentzia-gune bihurtu nahi du, ekintzailetzako eta garapen ekonomiko sozial eta kooperatiboko eredua eskaintzen baitu.

San Frantzisko auzoko Harrobi plazan dagoen Ekonopoloproiektuaren helburua da ekonomia sozial eta solidarioa babestea eta sustatzea, eta ekonomia eraldatzaile horren erreferentzia izatea, ekintzailetzako eta garapen ekonomiko, sozial eta kooperatiboko eredua den aldetik eskaintzen dituen aukerak ezagutaraziz. Era berean, ekintzailetza sozial eta kooperatiboaren garapena erraztu nahi da, enpresei ideiak sortzeko, abian jartzeko eta laguntzeko prozesuak babestuta, prestakuntzaren, orientazioaren eta helburu horretara egokitutako planen bidez.

2020an Hirian ekonomia sozialaren sektorea babesteko eta bultzatzeko Ekonopolo proiektua martxan jarri eta 2021. urtean lehenengo jarduerak plazaratu ondoren, aurten, 2022. urtean, hirian ekonomia sozialaren eta solidarioaren aldeko apustuari eutsiko dio berriz ere Bilboko Udalak. Horretarako, Bilbok Udalak REAS Euskadirekin lankidetzan bultzatu duen Ekonopolo esparruko jarduketak ugarituko dira. Jarduera horiek guztiak egiteko, udalak 100.000 euroko dirulaguntza izenduna onetsi du gaurko osoko bilkuran.

Bi jarduketa-ardatz izango dira 2022. urtean garatuko diren jarduketa berrien abiapuntua:

  • Ekonomia sozial eta solidarioaren arloko ekintzailetza
  • Ekonopoloren proiekzio soziala

EKONOMIA SOZIAL ETA SOLIDARIOAREN ARLOKO EKINTZAILETZA

Jarduera-ildo honen bitartez, Ekonopolo egonkortu nahi da, ekonomia sozial eta solidarioko enpresak laguntzeko sistema izan dadin. Horretarako, ondo egonkortzeko prestakuntza, laguntza eta babeserako honako jarduera hauek gauzatuko dira:

  • prESStatzen.
    Ekonomia sozial eta solidarioari buruzko proiektuak sortzeko eta abian jartzeko prestakuntza- eta laguntza-programa. Prestakuntza- eta laguntza-programa bat da, eta proiektu kolektibo bati ekin nahi dioten pertsonei, jarduera profesionalizatu nahi duten elkarteei edo ekonomia sozial eta solidarioaren ereduen bidean jardun nahi duten enpresei dago zuzenduta. Programak bi fase izango ditu: lehenengo fasean prestakuntza- eta networking-saioak egingo dira, eta bigarrenean laguntza pertsonalizaturako ibilbide bat. Helburu bi ditu prESStatzen programak: alde batetik, sentsibilizazioa, prestakuntza eta tresnak ematea ekonomia sozial eta solidarioaren ereduetatik proiektuak martxan jarri nahi dituzten ekintzaile eta entitateei; eta, bestetik, ekonomia sozial eta solidarioaren proiektuak osatu eta martxan jartzea ekintzaile zein entitateei laguntza pertsonalizatua emanez.
  • Sendotzen.
    Ekonomia sozial eta solidarioko proiektuak egonkortzeko prestakuntza- eta laguntza-programa. Sendotzen programa prESStatzen proiektuan hautemandako premia baten emaitza da, hau da, ekonomia sozial eta solidarioko proiektuei egonkortze-fasean laguntza ematen jarraitzeko premia. Horretarako, ekimenaren bitartez, 6 hilabeteko prestakuntza eta laguntza eskaintzen zaie bost urte baino gutxiago dituzten entitateei. Hori guztia helburu bikoitz batekin: prestakuntza eta baliabideak ematea negozioak ekonomia sozial eta solidarioaren ereduekin egonkortzeko nahia duten entitateei, eta ekonomia sozial eta solidarioko enpresak egonkortzea, modu pertsonalizatuan lagunduz.
  • Ekonomia sozial eta solidarioko entitate eta ekintzaileentzako aldian aldiko aholkularitza-zerbitzua.
    Honen bitartez, ekonomia sozial eta solidarioko entitateak egonkortzeko aholkularitza-eskaerei eman nahi zaie erantzuna. Bestalde, harrera-zerbitzu bat eskainiko zaie alor horretan jarduteari ekin nahi dioten pertsona eta enpresei.
  • Gida praktikoa.
    Bilbon ekonomia sozialean ekintzaile izateko urratsak. Gida praktiko horretan, Bilboko ekonomia sozial eta solidarioan ekintzaile izateko ekosistemaren berariazkotasunak eta aukerak jasoko dira. Gida horren bidez, ondo jasoko dira Bilboko ekosistema ekintzailearen barruan dauden baliabideak, eragileak eta espazioak, eta ekonomia sozial eta solidarioan ekintzailea izateko urratsak laburbilduko dira, bai eta finantzako tresnak, eragileak eta espazioak eskuratzeko erraztasunak emateko saiakera egin ere.

PROIEKZIO SOZIALA

Jarduteko ildo horren bitartez, Ekonopolo ekimenaren proiekzio soziala bultzatuko da, beste eragile sozial batzuei eta herritarrei irekita dagoen espazio bat sortzeko, non ekonomia sozialaren eta solidarioaren inguruko sentsibilizazio-jarduerak garatu ahal izango diren. Horretarako, honako jarduketa hauek garatuko dira 2022. urtean:

  • Ekonopolo programazioa.
    Hainbat talderi zuzenduko zaie programazioa, honako jarduera hauekin, besteak beste: proiekzioak, tailer praktikoak, hitzaldiak, liburu-aurkezpenak, produktu-dastatzeak, ekonomia sozial eta solidarioko zerbitzuen aurkezpena eta esku-hartze artistikoak.
  • Unibertsitate-lehiaketa.
    Urtero egiten da lehiaketa, eta, bertan, ekonomia solidarioko esparruan euskal unibertsitateetan egin diren ikerketa-lanik onenak baloratuko dira, eta sariak banatuko dira: irabazlearena eta bi finalistena. Bestalde, entitate produzitzaile edo mailegatzaileek proiektua hurbilduko diete saridunei. Sari-banaketarako ekitaldia, halaber, ekonomia sozialak unibertsitate-esparruarekin dituen konexioak ikusarazteko balioko du.
  • Ekonopolo Hackathon: “Ekonomia sozial eta solidarioari lotutako erronketarako irtenbideak”.
    Ekonomia sozial eta solidarioa eta ekintzailetza Bilboko elkarteetan, hezkuntza-zentroetan eta unibertsitateetan ezagutzera emateko asmoz, zenbait erronka proposatuko zaizkie, gero asteburuan irtenbide bat bilatu dezaten.

Proiektua, halaber, Zubirik Plana 2021-2025 delakoaren neurrien artean dago. Bilboko Udala ari da plan hori Bilbo Zaharra, San Frantzisko eta Zabala auzoetan garatzen.

AUZOFACTORY, ENPRESA-MINTEGIA

Gainera, Ekonopolo proiektuaren barruan dago Harrobia Auzofactory, enpresa-moduluetan aldi baterako kokapena eskaintzen duen enpresa-mintegia, baita co-working espazioetan ere, Bilbon kokatu nahi duten enpresa-proiektuen, enpresen eta profesionalen sustatzaileentzat, jarduera ekonomia sozial eta solidarioaren balioak eta printzipioak errespetatuz eta egokituz egiteko.

Bilboko Udalaren Auzofactory sarearen helburua herritarren, auzoaren, enpresen eta hiriaren arteko elkargunea izatea da. Zentro horiek erreferentziazko espazioa izan nahi dute, herritarrentzat eta enpresentzat zabalik dagoena, hiriko garapen ekonomikoaren dinamizatzailea eta berritzailea dena, metodologia berriak, espazio berritzaileak eta zerbitzu aurreratuak dituena eta Bilbo hirirako estrategikoak diren sektoreetan arreta jartzen duena.

Egilea Andoni Beitia