Merkataritza, Kontsumo eta Turismo Sailak 717.000 euroko zuzkidura eman dio Turismoa Merkaturatzeko eta Sustatzeko CTP programari. Laguntza horiek banatu egingo dira turismo-produktu eta turismo-proiekzio handiko ekitaldi berrien diseinua, abian jartzea, sustapena eta merkaturatzea sustatzeko eta, horrela, Euskadiren “turismo-posizionamendua sendotzeko”.

Datorren maiatzaren 4ra arte eska daitezkeen diru-laguntzen deialdiaren oinarriek jasotzen dutenez, helburuen artean dago Euskadin garatzen diren turismo-produktuak sortu, abiarazi, sustatu eta merkaturatzen laguntzea, “Zehazki, proiektu turistiko lehiakor, arduratsu eta jasangarriak garatzen, merkaturatzen eta helmuga hori bereiziko duten baliabideak bultzatzen laguntzen duten Euskadin garatutako ekimenak”.

Bestalde, diruz lagundu ahal izango dira Euskadin egiten diren kultura-, gastronomia- eta kirol-ekitaldiak, proiekzio nazionala eta nazioartekoa dutenak, Euskadiren irudia eta posizionamendu turistikoa sendotzen laguntzen dutenak.

Atal honetan, turismo-helmuga eta Euskadi Basque Country marka sustatzen eta Euskadi turismo-helmuga seguru gisa finkatzen laguntzen duten ekitaldiak bultzatuko dira. Pandemiak sortutako egoeraren aurrean, ekitaldiak presentzialak, birtualak edo hibridoak izan daitezke.

Marka turistikoaren eraginean emaitza hobeak

Aurreko deialdiarekin alderatuta, oraingo honetan bi aldaketa garrantzitsu egin dira. “Euskadin garatzen diren turismo-produktuak sortzen eta martxan jartzen, sustatzen eta merkaturatzen laguntzea” atalari dagokionez, pandemiaren ondoren sortzen den esparru berriari erantzuteko, dagoeneko sortuta dauden turismo-produktuen birorientazio estrategikoari, diseinuari eta marketin-plan bat egiteari lotutako gastuak sartu ahal izango dira.

Gainera, Euskal Autonomia Erkidegoan egiten diren kultura-, gastronomia- eta kirol-ekitaldietan, baldin eta autonomia-erkidego honen irudia eta posizionamendu turistikoa sendotzen laguntzen badute, eta Euskadi Basque Country marka turistikoaren eraginean “emaitza hobeak” lortze aldera, beharrezkotzat jotzen da gutxienez bosgarren edizioa ospatzen duten edo hiru egunetik gorako iraupena duten ekitaldiak “modu esanguratsuan” babestea.

Proiektuak baloratzerakoan, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren esperientzia-programen ildoekin bat datozen turismo-produktuak lehenetsiko dira, bereziki enogastronomiarekin, irteerekin, ibilbideekin, bilerekin, euskal itsasertzarekin, naturarekin eta kulturarekin lotutakoak.

Egilea Andoni Beitia