Eusko Jaurlaritzaren 2021-2024 Enplegu Plan Estrategikoak 2.071 milioi euroko inbertsioa aurreikusten du datozen urteetan, besteak beste, 80.000 enplegu sustatzeko, 23.000 enpresa laguntzeko eta 48.100 langabe birkualifikatzeko. Planak, halaber, “Enpleguak berdintasunean eta lehiakortasunean aurrera egin dezan ekonomia globalizatu batean” ekintzak jasotzen ditu, Idoia Mendia lehendakariorde eta Lan eta Enplegu sailburuak azaldu duenez.

Astearte honetako Gobernu Kontseiluan onartu ondoren, sailburuak plan berri honen alderdi nagusiak aurkeztu ditu Jaurlaritzaren Kontseiluaren osteko asteko prentsaurrekoan, Gasteizen. Plan hori 29 helburu operatibo, bederatzi jarduera-eremu, 26 ildo estrategiko eta 149 ekintzaren inguruan diseinatu da.

Azaldu duenez, helburu kualitatiboekin batera, planak “anbizio” kualitatiboa ere planteatzen du, enplegu gehiago sortzeaz gain, “Kontratu sozial berri baterako kalitatezko enplegu inklusiboa” izan dadin.
TALENTUA APROBETXATZEA

Sailburuak ohartarazi duenez, “Epe ertainean gure arriskua ez da enplegua sortzea izango, baizik eta talentua aprobetxatzen ez jakitea, gure enpresek lehiakortasuna galtzea erronkei aurre egin ezin dietelako, eta langileek beren lan-baldintzak hobetzeko aukera galtzea”.

Esparru horretan, hauek dira Plana arautzen duten printzipioak: aukera-berdintasuna, aurrea hartzea eta erantzunak berritzea, lurralde-oreka, adostasuna eta lankidetza, eta gobernantza irekia eta maila anitzekoa.

Egilea Andoni Beitia