Eusko Jaurlaritzak ekintzailetzako programa berri bat bultzatu du, zeinaren helburua baita enpresa-negozio berriak sistematikoki esploratzen eta sortzen laguntzea. Programa hori Barnekintzaile deitzen da, eta maiatzaren 2,3 eta 4an aurkeztuko da hiru lurralde historikoetan egingo diren jardunaldietan.

Maiatzaren 2an hasiko dira aurkezpenak Bizkaiko BIC-en egoitzan, Barakaldon. Hurrengo aurkezpena biharamunean izango da  Arabako Teknologi Parkean  eta   maiatzaren 4an egingo da azkena Gipuzkoako BICen,  Gipuzkoako Zientzia eta Teknologi Parkean.

Negozio eta jarduera ekonomiko berrien sorkuntza Euskadiko enpresa-sarearen historiaren parte izan da. Gure enpresa ekintzaileen lan-molde horrek are garrantzi handiagoa hartzen du gaur egungo ziurgabetasun- eta aldaketa-testuinguruan, non enpresa asko behartuta baitaude modu lehiakorrean berritzera arriskuak murrizteko, disrupzio teknologikoei aurre egiteko, aukerak aprobetxatzeko (trantsizio hirukoitza: digitala, berdea eta soziosanitarioa) eta diru-sarrera iturri berriak eta jasangarritasuna sortzeko.

Horregatik, Eusko Jaurlaritzak eta  SPRI Taldeak, lankidetzan arituz BIC zentroekin eta Barnekintzaile programa berriaren bitartez, enpresa-negozio berrien garapena sustatu nahi dute euskal industria-sarea berritzeko palanka gisa.

Jardunaldietan hizpide hartuko dira enpresa ekintzaileen benetako esperientziak eta gure inguruan sortutako negozio berriak. Aurkezpenen helburua da hobeto ulertzea zeintzuk diren euskal enpresen DNA ekintzailea indartzeko arrazoiak eta aukerak. Gainera, asmoa da antzeko premiak dituzten enpresen arteko elkarrizketa eta trukea bultzatzea.

Barnekintzaile programak aholkularitza eskaintzen du, hasi barnekintzailetzako proiektua diseinatzen denetik eta ezartzen den arte, laguntza espezializatua emanez BIC-en bidez garapen- eta finkatze-faseak errazteko.

Enpresei espazio egokiak eskainiko zaizkie beren proiektuak kokatu ditzaten, eta baita ere networking-erako lekuak startupekin aritzeko, horrezaz gain, behar duten prestakuntza emango zaie proiektuak kudeatzeko, talentua babesteko edo barnekintzailetzako programa korporatiboak garatzeko.

Egilea Andoni Beitia