Haizea Wind 2017an sortutako talde industrial bat da, aerosorgailuentzako metalezko egitura handien diseinu, fabrikazio eta muntaian eta material urtuzko osagaietan espezializatua dagoena. Bilboko Portuan du bere egoitza zentrala, baina, horrez gain, presentzia du Agurain, Itziar eta Aranda de Dueron, eta orobat ezarpenak ditu Argentinan eta Frantzian. Hala, itsas dorre eoliko handien Europako fabrikatzaile garrantzitsuena da gaur egun. Energia arloan bizi dugun testuinguru ziurgabea gorabehera, euskal talde honek ibilbide-orri anbiziotsu bat prestatu du datozen urteetarako, zeinaren arabera 100 milioi euroko inbertsioa egingo baitu Euskadi sektore eolikoaren abangoardian kokatzeko. Haizea Wind-eko zuzendari nagusi Borja Zárragak baieztatu duenez, helburua da besteak beste Bilboko Portuko instalazioak bikoiztea XXL tamainako off shore dorre eolikoak fabrikatzeko. Proiektu horrek lau urteko lan-karga bermatuko die (dagoeneko jakinarazi dute 350 pertsona kontratatu beharko dituztela) eta 700 milioi euroko diru-sarrerak ekarriko dizkie.

Haizea Wind Group-ek berrikuntzaren arloan nabarmentzen duen alderdietako bat produktuak fabrikatzeko prozesuan egiten duen ahaleginarekin lotuta dago. Baina ez da bakarra, berrikuntza Haizea Wind Group-en DNAn baitago, ezta?

Erabat. Instalazio modernoak ditugu, gure dorreen eta zimenduen ekoizpena optimizatzeko diseinatuak. Hasieratik etorkizunerako proiekzio handiko fabrika gisa planteatu zen, gure gaitasunak osagai eolikoen egungo eta etorkizuneko dimentsioak betetzeko garatu baitziren. Eta berrikuntzak egiten jarraitzen dugu; izan ere, abiadura handian hazten ari den sektore batean gaude, eta gure bezeroen beharretara egokitzeko beharra dugu; horrek esan nahi du konponbideak etengabe bilatzen ari garela. Haizea Grupo WEC taldeak, taldeko enpresetako batek, I+G+b arloan diharduen zentro bat du, materialen ikerkuntzan eta produktuen ekoizpen-prozesuen hobekuntzan diharduena. Gure ingeniaritza eta I+G taldeaz harro gaude, Europan erreferentzia den galdategi eolikoa izateko aukera ematen digulako.

Proiektu berritzaile eta desafiatzaileen adibideak milaka izango dituzte.

Duela pare bat hilabete, Siemens Gamesako SG 14-222 DD aerosorgailuaren prototipoaren dorrea hornitu genuen, inoiz instalatutako aerosorgailurik altuena. Nahiko proiektu berritzailea da, produktuaren hainbat berezitasun direla eta. Alde batetik, aldi berean zilindrikoa eta konikoa zen tarte bat sortzen genuen lehen aldia zen. Gainera, dorrearen ezaugarri nagusietako bat da atal batzuek ez zutela bridarik. Oso harro gaude, halaber, Dogger Bank proiektuaren esleipendun izateaz, General Electric Renewable Energyrentzat. Munduko itsas parke eoliko handiena da, eta guztira 3.600 MW-ko potentzia du, Espainian instalatutako potentzia nuklearraren erdiaren baliokidea.

Lan ildo ezberdinak, baina guztietan irtenbide abangoardistak eskaintzen dituzte. Arrakastaren zati handi bat pertsonengan eta lan-taldeetan dago?

Zalantzarik gabe, giza alderdia funtsezkoa da Haizea Wind Group aurrera ateratzeko. Proiektuarekin konprometitutako talderik gabe eta egunez egun onena emateko asmorik gabe, ezinezkoa litzateke egiten ari garena egitea.

Haizea Wind Group-ek asko du eskaintzeko etorkizuneko aurrerapen berritzaileei?

Gure abiapuntua da sektore eolikoa osatzen dugula, eta gainerako energia berriztagarriak bezala, sektore hori ere hedapen betean dagoela. Energia mota horiek funtsezkoak dira planetaren etorkizunerako, eta aurrerapen handiak egiten ari dira. Enpresa eta gobernu askoren apustua da, eta horien inbertsioa garrantzitsua izaten ari da, teknologia horien berrikuntza bultzatzen duena. Gure esparruan, hau da, osagai handien fabrikazioan, irtenbide eolikoen diseinuaren eta fabrikazioaren kate osoaren katebegi garrantzitsu bat garela uste dugu, eta hobekuntzak ekartzen saiatzen gara makinetan, produktuetan, fabrikazio-metodoetan, egungo instalazioek dituzten tamaina izugarrietarako konponbideen garapenean, azken finean, gure gaitasunak ematen saiatuz proiektu eolikoak lehiakorragoak izan daitezen, gure etorkizuneko gizartearen zati bat izan dadin, gure energiaren zati bat.

Zure ustez, berrikuntza al da gaur egungo garapenaren gakoa?

Garapenaren eragileetako bat da. Etengabe aldatzen den mundu batean bizi gara, egunero produktu berriak merkaturatzen dituen mundu batean, non informazioa eta ezagutza partekatzea inoiz baino errazagoa den €, eta dagoeneko ez gara auzokidearen aurka lehiatzen, munduko edozein enpresaren aurka baizik. Horrela, prezioaren arabera bakarrik lehiatu nahi ez badugu, berrikuntza da iraunkortasunaren eta edozein enpresaren hazkundearen gakoa. Berrikuntza funtsezkoa da garapen soziala edo teknologikoa sustatzeko, eta funtsezko indarra da hazkunde ekonomikoan. Besteak beste, Hego Korea, Japonia, Finlandia eta Danimarka €rankingak dira nagusi I+Gn inbertitutako BPGren % -ri dagokionez, eta, zalantzarik gabe, garapen sozioekonomiko handia duten herrialdeak dira, eta horiek imitatzen saiatu behar dugu.

Garrantzitsua al da egunero berrikuntzaren aldeko apustua egiten duten enpresak ikusaraztea edo aintzat hartzea?

Noski baietz. Esan duzun bezala, ikusgarritasuna ematen digu, herritarren eta inguruko enpresen artean ezagutarazten laguntzen digu, eta hori beti da positiboa. Gure lanaz harro sentiarazten gaitu, eta ahalegintzen jarraitzera bultzatzen gaitu. Gainera, horrelako ekimenak ez dira enpresak banaka aintzatesteaz gain, oro har Euskadiko industria-sarearen aitorpena ere badira. Ukaezina da gure artean sinergiak eta harremanak daudela, eta askotan aukera ematen digute ezagutzak partekatzeko eta berritzen jarraitzeko.

Zure ustez, Euskadi eredugarria al da arlo berritzailean?

I+G+Bn gehien inbertitzen duen autonomia-erkidegoetako bat gara, eta erakundeek erraztasun gehien ematen diete enpresei eta ezagutza-eragileei lankidetzan aritzeko. Enpresa, unibertsitate eta ikerketa-zentro oso nabarmenak ditugu, bai oinarrizko ikerketan, bai, batez ere, hainbat sektoretako ikerketa aplikatuan: energia, ontzigintza, material berriak, makina-erreminta, automozioa, medikuntza €, baita gastronomia ere, Basque Culinary Center kasu. Benetan uste dut harro egon behar dugula industria- eta berrikuntza-sare horrekin. Izan ere, Europako Batzordeak berak ere lurralde oso berritzailetzat hartu gaitu, Estatuko gainerako herrialdeetan baino berrikuntza-maila handiagoa duelako eta EBko batez bestekoaren gainetik gaudelako, hori guztia RISen (Regional Innovation Scoreboard) arabera.

Egilea Andoni Beitia