Gipuzkoako Foru Aldundiak Smart Mobility Industry programaren beste deialdi bat argitaratu du, 925.000 eurokoa, lurraldeko mugikortasun berriaren sektorea sendotzeko, elektromugikortasunarekin, karga-azpiegiturarekin eta gidatze autonomoarekin lotutako enpresa-proiektuetarako diru-laguntzen bidez.
Energiaren eta erregaien garestitzeak markatutako egoera batean, foru erakundeak funtsezkotzat jotzen du mugikortasun-eredu berri baterako trantsizioa bizkortzea, eta uste du lurraldeak enpresa, ikerketa-zentro eta eredu horrekin lotutako beste eragile asko biltzen dituela, eta horrek posizio onean jartzen duela erreferente bihurtzeko.
“Gipuzkoan automobilgintzarekin eta, oro har, mugikortasunarekin lotutako enpresa asko ditugu”, adierazi du Jabier Larrañaga Sustapen Ekonomiko eta Proiektu Estrategikoen diputatuak, eta gaineratu du “zenbat eta lehenago urratsak eman tranformazioak dakartzan aukerak aprobetxatzeko, orduan eta hobeto kokatuko gara eta gizarte osoarentzako onura handiagoa izango da”.
Horregatik, aurten ere, zailtasun ekonomikoak gorabehera, foru erakundeak Smart Mobility Industryren deialdi berri bat ireki du, hiru ildorekin. Lehenengoak 300.000 euro izango ditu, eta mugikortasun berriarekin lotutako erakustaldi teknologikoko proiektu pilotuen kostuaren % 80 finantzatuko du gehienez.
Bigarren lerroa enpresen barne-planteamenduei buruzkoa izango da, eta 162.500 euro bideratuko ditu hausnarketa estrategikorako, negozioa birbideratzeko, eraldaketa digitalerako, lehiakortasuna hobetzeko analisirako edo prozesuak berrantolatzeko jarduerak diruz laguntzera. Kasu horretan, laguntzek gehienez proiektuaren % 80 ordainduko dute irabazi-asmorik gabeko erakundeek garatzen badute, % 75 enpresa txikien kasuan eta % 60 negozio ertainen kasuan. Era berean, 25.000 eurora arte igo da banakako proposamenen gehienekoa.
Lankidetzak
Hirugarren eta azken lerroak 462.500 euroko aurrekontua du mugikortasun berriaren esparruan produktu edo ekoizpen-prozesu berriak sortzera bideratutako berrikuntza teknologikoko ekimenetarako, Mugikortasun Adimentsu eta Jasangarriko Mubil Zentroaren estrategiarekin bat datozenak (zentro horren behin-behineko egoitza Tolosako Usabal industrialdean dago). Larrañagak azpimarratu du ikastetxe horrekiko lankidetza- eta koordinazio-maila izango dela laguntzak ematen direnean baloratu beharreko alderdietako bat.
Aurten ere, Gipuzkoako Foru Aldundiak ordainketa aurreratuak egingo dizkie hautatutako enpresei, likideziari eusten laguntzeko. Ildo horretan, Jabier Larrañagak gogorarazi du horrelako proiektuak barneko baliabideekin finantzatzen direla, eta onartu du enpresei errentagarritasun azkarragoa ematen dieten beste ekimen batzuen aldetik lehia handia duten jarduerak direla; horregatik, beharrezkotzat jo du finantzaketa aurreratzea eta borroka hori murriztea.
Iaz, Smart Mobility Industryk 15 proiektu finantzatu zituen, eta guztira 24 enpresa, ikerketa-zentro eta erakunde inplikatu zituen, hala nola Ibil, Irizar, Gureak, Cidetec, Maser, Jema Energy, CTSS, KL Katea Legaia, Ulma, Oribay, Ecomagnet, Lanbi, CIFP Usurbil edo Moov Drives. Proposamenek zerikusia izan zuten birkarga ultraazkarreko geltokietarako erabilitako bateriak biltegiratzearekin, mugikortasun elektrikoaren sektoreari aplikatutako digitalizazioarekin edo hiri-autobusak kargatzeko sistema aurreratu baten garapenarekin.