Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak astelehen honetan ekingo die berriro mobilizazioei, Aste Santuko geldialdiaren ostean, “Bizitzaren kostuaren igoera zentzugabea” salatzeko eta maiatzaren 1eko ekitaldiekiko atxikimendua adierazteko.
Kolektiboak ohar baten bidez jakinarazi duenez, astelehen honetan, hilak 25, berriro bilduko dira hiru euskal hiriburuetan eta Iruñean, 2018tik egiten ari diren bezala.
Elkarretaratzeetan “bizitzaren kostuaren igoera zentzugabea” salatuko dute, “Gero eta pentsiodun gehiagori modu negatiboagoan eragiten diolako”, eta “gobernuek arazoari aurre egiteko hartutako neurriak erabat eskasak direlako”.
Halaber, ohartarazi dute errenten ituna “amu bat” dela “soldatetan, pentsioetan eta zerbitzu publikoetan murrizketa berriak justifikatzeko”, eta iragarri dute maiatzaren 1eko mobilizazio sindikalak babestuko dituztela. Maiatzaren 12an Gasteizen egingo duten manifestazioaren xehetasunak ere emango dituzte, “Eusko Legebiltzarra sinbolikoki inguratuko duena”.