Gipuzkoako Foru Aldundiak joan den ostiralean aurkeztu zuen lurraldeko Aurrekontu Irekietarako deialdi berria. Bertan, herritarrek proposamenak egin ditzakete Foru Gobernuak eskumenak dituen hainbat arlotako proiektu batzuk sartzeko.

Ekimenak hainbat berrikuntza dakartza aurten. Alde batetik, bi urtekoa izango da; 2022-2023 aldia beteko du, “Aukeratutako proiektuetarako denbora gehiago uzteko”. Bestalde, pandemiak kontaktu fisikoa mugatu duen bi urteren ondoren, aurrez aurreko topaketak berreskuratu dira prozesu osoan zehar.

Aurrekontu irekiek bi fase izango dituzte. Lehenengoan, apirilaren 26tik maiatzaren 20ra bitartean, herritarrek “modu irekian” sartu beharreko proiektuen proposamenak egin ahal izango dituzte. Ideiak www.gipuzkoa.eus/partaidetza web orriaren bidez bidali ahal izango dira, aurrez ordaindutako frankeoa duen postaz, edo zuzenean Aldundiaren egoitzan edo udal-erregistroetan utziz.

Lehenengo fase honetan, arlo hauei dagozkien ideiak eman ahal izango dira: ekonomia, enplegua eta turismoa, kultura eta aisia, gizarte-politikak, mugikortasuna eta garraioa, ingurumena, landa-mundua eta mendiak, euskara, berdintasuna eta aniztasuna, gazteria eta kirolak eta bide-azpiegiturak.

Ondoren, Foru Gobernuak proposamen guztiak aztertu eta 40 proiektu aukeratuko ditu, hurrengo fasera pasatzeko. Bigarren etapa horretan, irailaren 12tik urriaren 7ra bitartean, gipuzkoarrek gehienez hamar proposamen aukeratu ahal izango dituzte. Lehenengo faseko bide berberetatik jakinarazi ahal izango dute erabakia, bai eta karpa ibiltari batean ere, lurraldeko hogei bat herri zeharkatuko dituena.

Azkenik, boto gehien jaso dituzten hamar proiektuak aukeratuko dira, datozen bi urteetan garatuko direnak. Aurrekontu Irekiek bi milioi euroko partida dute, beraz, ideia bakoitzak batez beste 200.000 euro izango dituela aurreikusten da. Hala ere, oraingo honetan 50.000 eta 200.000 euro arteko planak proposatu ahal izango direnez, baliteke azkenean “hamar beharrean, hamaika, hamabi edo hamahiru finantzatzeko aukera izatea”, Pagolak zehaztu duenez.

Horrela, aurrekontu horiekin garatu beharreko proiektuen kopuruak iazko ediziokoak bikoiztuko ditu ia, sei proposamen aukeratu baitziren. Guztira 7.000 lagunek parte hartu zuten prozesu horretan, eta “aurtengo erronka zifra hori hobetzea izango litzateke”, Mendozaren arabera. Hori dela eta, herritarrei parte hartzeko gonbita egin die.

Avatar

Egilea Andoni Beitia