Euskal AEko lan-merkatuari buruzko 2022ko lehenengo hiruhilekoko datuek erakusten dute 8.300 okupatu gehiago daudela eta 8.300 langabe gutxiago daudela aurreko hiruhilekoan baino Eustaten datuen arabera. Hiruhileko honetan 95.200 langabe daudela kalkulatzen da, eta 953.800 okupatu, 2021eko laugarren hiruhilekoan baino % 0,9 gehiago. Azken urtean okupatuen kopuruak gora egin du, 28.600 gehiago baitira, eta langabeen kopuruak behera, 19.200 gutxiago baitira.

Euskal AEko langabezia-tasa % 9,1ekoa da, 2021eko laugarren hiruhilekoan baino ehuneko 8 hamarren gutxiago. Biztanleria okupatuaren eta langabearen bilakaeraren emaitza gisa, jarduera tasa % 56,3koa da 2022ko lehenengo hiruhilekoan, aurreko hiruhilekoarekiko mantendu egin da, beraz. Azken urtean langabezia-tasak 2021eko lehenengo hiruhilekoko % 11tik 2022ko lehenengo hiruhilekoko % 9,1era egin du behera, hau da, ehuneko 1,9 puntu behera.

Lurraldeen arabera eta aurreko hiruhilekoarekin alderatuta, Gipuzkoan okupazioak gora egin du, 6.200 okupatu gehiago dira; Bizkaian, berriz, 5.100 gehiago dira eta Araban 3.000 gutxiago. Hiriburuei dagokienez, Bilbon egin du okupazioak gora gehien, eta 3.500 okupatu gehiago daude; ondoren Donostian (+1.100) eta, azkenik, Gasteizen okupazioak behera egin du, 2.600 pertsona gutxiago daude.

Okupazioaren gorakadarik handiena gizonen artean izan da (+5.800); emakumeetan, aldiz, 2.400 gehiago dira okupatuak. Nazionalitatea dela eta, nazionalitate espainiarra duten pertsona okupatuak 5.300 gehiago dira (+% 0,6) eta atzerriko nazionalitatea duten pertsona okupatuak 3.100 gehiago (+% 4).

Euskal AEko biztanleria okupatuak gora egin du zerbitzuen sektorean (5.500 okupatu gehiago dira, +% 0,8), lehen sektorean (1.400 gehiago, +% 17,5), eraikuntzan (800 okupatu gehiago, +% 1,4) eta industrian (700 gehiago, +% 0,4).

Enplegu-tasa sektore guztietan hazi da

Okupazio-tasa, 16 eta 64 urteko bitarteko pertsona okupatuen ehunekotan kalkulatuta adin horien guztizkoaren gainean, ehuneko 0,5 puntu igo da aurreko hiruhilekoaren aldean, eta % 69koa da. Tasa hori % 72,4ra iritsi da gizonetan, eta % 65,7koa da emakumeetan.

Amaitutako ikasketa-mailari dagokionez, okupazio-tasaren igoerarik handiena goi-mailako ikasketak dituztenen artean izan da (ehuneko +1 puntu), eta % 84,2koa izan da. Lehen mailako edo gutxiagoko ikasketak dituztenen artean okupazio-tasa 0,8 puntu igo da eta % 60,3koa izan da. Bigarren mailako eta erdi-mailako ikasketak dituztenen artean 0,3 puntu igo da eta % 61,3koa izan da.

Nazionalitatea dela eta, okupazio-tasa altuena nazionalitate espainiarra duten pertsonen artean dago (% 70,8), eta ehuneko sei hamarreneko igoera izan da aurreko hiruhilekoarekin alderatuta; atzerriko nazionalitatea dutenen artean % 54,5ekoa da (ehuneko +1,0).

Lurralde historikoen arabera, okupazio tasa altuena Gipuzkoakoa da, % 71,1ekoa, eta aurreko hiruhilekoarekin alderatuta ehuneko 1,2 puntuko igoera izan da; bigarren lekuan Araba dago, % 68,5ekin, eta kasu honetan beherakada 1,5 puntukoa izan da; azkenik, Bizkaian okupazio-tasak ehuneko 0,7 puntu egin du gora, eta % 67,9koa da.

Kalkulatzen da 2022ko lehenengo hiruhilekoan Euskal AEn 902.000 etxe inguru daudela, eta, haietatik, heren batek ez duela pertsona aktiborik, aurreko hiruhilekoan baino 3.900 etxe gehiago; hamar etxetatik ia seitan pertsona aktibo guztiak daude okupatuta, 600 familia gehiago; eta, gainera, etxeko pertsona aktibo guztiak langabezian dituzten etxeak 32.200 dira, aurreko hiruhilekoan baino 5.700 gutxiago.

Euskal AEko langabe kopurua, hau da, enplegua bilatzen ari den, bilaketarako kudeaketa aktiboak egiten dituen eta, gainera, lan egiteko disponibilitatea duen pertsona kopurua, urteko lehenengo hiruhilekoan, 95.200 dela kalkulatzen da, aurreko hiruhilekoan baino 8.300 pertsona gutxiago. Gizon langabeen kolektiboa 46.500 pertsonak osatzen dute, eta 4.900 gutxiago dira (-% 9,5), eta emakume langabeak 3.400 gutxiago dira (-% 6,5), eta hiruhileko honetan guztira 48.700 dira.

2022ko lehenengo hiruhilekoko datuek % 9,1eko langabezia-tasa erakusten dute, aurreko hiruhilekoan baino ehuneko 0,8 gutxiago. Gizonezkoen langabezia tasa % 8,5ekoa da (ehuneko – 0,9 puntu), eta emakumezkoena, berriz, ehuneko 0,6 puntu jaitsi da, % 9,7ra arte.

Espainiako nazionalitatea duten langabetuak gehiago jaitsi dira

Ikasketak direla eta, langabezia-tasaren beherakadarik handiena goi-mailako ikasketak amaitu dituztenen artean izan da (ehuneko -1,5 puntu) eta langabezia-tasa % 5,2koa da. Lehen mailako ikasketak eta beheragokoak amaitu dituztenen artean langabezia-tasa ehuneko 0,7 puntu jaitsi da eta % 12,8koa da. Azkenik, bigarren mailako eta erdi mailako ikasketak dituztenen artean, langabezia-tasa ehuneko 0,2 puntu jaitsi da eta % 11,1ekoa da.

Nazionalitateari dela eta, langabeen kopuruak behera egin du nazionalitate espainiarra dutenen artean, eta 6.300 pertsona gutxiago dira, guztira 72.100. Atzerriko nazionalitatea dutenen artean ere 1.900 gutxiago dira lanik gabe daudenak, guztira 23.100.

Lurralde historikoen arabera, Bizkaian langabe kopuruak behera egin du, eta 7.000 gutxiago dira eta langabezia-tasak ehuneko 1,3 puntu egin du behera, % 10ekoa izanik. Gipuzkoan 24.000 pertsona daude lanik gabe, 2.400 gutxiago, eta langabezia-tasa 0,7 puntu jaitsi da eta % 7koa da. Araban 1.000 langabe gehiago daude, eta langabezia-tasa % 10,4koa da, aurreko hiruhilekoan baino ehuneko 0,8 puntu altuagoa.

Hiriburuei dagokienez, Bilbon 6.200 langabe gutxiago daude, Donostian 400 gutxiago eta Gasteizen, berriz, 1.400 gehiago urteko lehenengo hiruhilekoan.

EUROSTATen –Europar Batasuneko Estatistika Bulegoa– datuen arabera, 2022ko otsailean urtaroen araberakoa ez den Europar Batasuneko langabezia-tasa % 6,2koa zen eta Espainiakoa % 12,6koa.

Euskal AEko biztanleria okupatuak % 3,1 egin du gora 2021eko lehenengo hiruhilekoarekin alderatuta (28.600 pertsona gehiago), eta langabezia-tasak ehuneko 1,9 puntu egin du behera (% 11tik % 9,1era). Beraz, 19.200 pertsona gutxiago daude langabezia-egoeran Euskal AEn, 2021eko lehen hiruhilekoarekin alderatuta.

Langabeen % 34,9 ez dago Lanbiden erregistratuta

Hiruhilekoko batez besteko afiliatuen % 98,5 lanean ari dira, LANEren irizpidearen arabera

Euskal AEn hiruhilekoan, batez beste, 921.300 afiliatu daudela zenbatesten da, hau da, inkesta garaian Euskal AEko biztanle eta Gizarte Segurantzako afiliatu direnak. Horietatik, % 98,5 okupatuak dira, Lanaren Nazioarteko Erakundearen (LANE) irizpideen arabera, zeinak baitira BJAk darabiltzanak, eta 907.400 pertsona dira guztira.

BJAren LANE okupatuen artean, % 4,3 ez dira Gizarte Segurantzako afiliatuak (41.100), funtzionarioen mutualitate publikoetako kide direlako, edo beste egoera batzuetan daudelako.

Kalkulatzen da Euskal AEn 98.300 langabe daudela Lanbiden erregistratuta hiruhilekoan, batez beste; hau da, Euskal AEn bizi eta inkesta egin den unean langabeziako kategoria kalifikaturen batean daudela Lanbiden erregistratuta. Horietatik % 60,8 langabea da LANEren definizioaren arabera (59.800 pertsona). BJAren LANE langabeen artean, % 34,9 ez daude langabe moduan erregistratuta Lanbiden (33.200 pertsona), baina enplegu-eskatzaileen beste kategoria batzuetan egon daitezke.

Egilea Andoni Beitia