Sidenorrek Aguilar Metal Recycling-AMR txatar industrialetan espezializatutako enpresa valentziarra erosi du. Transakzio horren behin betiko itxiera 2022ko bigarren hiruhilekoan izango da, euskal siderurgiak jakinarazi duenez.

Sidenorrek ohar batean adierazi duenez, eragiketa honen bidez, hondakin metalikoen tratamenduan duen gaitasun teknologikoa eta industriala bultzatzen du, eta, aldi berean, kalitateko txatarra industrialaren hornidura jarraitua bermatzen du.

Nabarmendu duenez, AMR ehun urtetik gorako konpainia bat da, batez ere automozioaren sektorearekin lotura estua duten enpresetatik datozen mota guztietako hondakin metalikoak eta ez-metalikoak berreskuratzen eta birziklatzen espezializatua. Gainera, hondakinen kudeaketarako zerbitzuen hornitzailea da, eta, gaur egun, Sidenorrek hainbat hornitzaileri erosten die txatarra, “Kalitate-irizpide zorrotzen” pean.

Euskal siderurgiak azpimarratu du AMRk Valentziako Sagunto herrian duen “kokapen estrategikoa”, txatarrak sortzen dituen gune garrantzitsu batean, automobilak ekoizteko plantak daudelako eta kokapen logistiko bikaina duelako, portutik 300 metrora eta salgaien trenbide-terminaletik 5 kilometrora.

Sidenorren transakzioa 2022ko bigarren hiruhilekoan itxiko da behin betiko, eta “sektorea sendotzen laguntzen du, funtsezko produktu baten (txatarra industriala) hornikuntzan segurtasuna areagotuko baitu”.

Gaur egun, Sidenor industria-talde liderra da altzairu luze berezien ekoizpenean, eta ekoizpen-zentroak ditu Euskal Herrian, Kantabrian eta Katalunian, eta merkataritza-ordezkaritzak ditu Alemanian, Frantzian, Italian eta Erresuma Batuan.

Avatar

Egilea Andoni Beitia