Aurrez prestatutako platerrak Zestoan

Ameztoi Zestoan kokatutako familia-enpresa bat da, aurrez prestatutako platerak eskaintzen dizkiena ostalariei nahiz azalera handiei. Konpainiak esne-zentral propioa du bere produktuen kalitatea bermatzeko, zeintzuen artean nabarmentzen baitira bere 60 kroketa-motak. Enpresak SPRI Taldearen “Innobideak Leihabide” programako laguntza bat jaso du; programa horren helburua da euskal enpresen produktu eta prozesuak hobetzea.

Enpresaren jabeen amak sortu zuen Ameztoi 1982an bere Zarauzko etxean. “Amak kroketak egiten zituen eta seme-alabok bizikletaz banatzen genituen” gogoratzen du Iñigo Ameztoik, Ameztoi enpresako kudeatzaile eta sukaldari nagusiak.  1994an elikadura-industriako jarduerari ekin genion, pabilioi batean eta plater gehiago eskainiz, hala nola zopak, arrainak eta okelak.

“Aitzindariak gara gourmet kroketa merkaturatzen, eta merkatuak primeran hartu du, batik bat ostalaritzak” gaineratu dute Nuria Robleñok -merkataritza eta marketin zuzendaria- eta Idoia Arrietak –finantza zuzendaria. Hurrengo mugarri garrantzitsua 1998an iritsi zen, Gipuzkoatik kanpo eta Estatu osoan saltzen hasi eta produktu gehiago eskaintzen hasi zirenean, esaterako, aurrez prestatutako platerak eta postreak.

Hazkunde horrek egoitza berri bat bilatzera behartu zituen, eta horretarako lursail bat erosi zuten Zarautzen, “baina ez zen bukatzen eta 2007an Zestoara etorri ginen. Harrezkero, asko eboluzionatu dugu aurrez prestatutako plateren arloan. Ez gara elikadurako industria bat, baizik eta sukalde handi bat”. Zestoara joan zirenean elikadura arloko segurtasuna hobetu zuten, baina produktuaren kalitatea mantenduz.

Ameztoiren berezitasunetako bat da esne-zentral propioa duela. “Estatuan bakarrak gara esnekien sektorean jardun gabe ere horrelako zentro bat dugunak, beti erabili nahi izan ditugulako Euskal Herriko lehengaiak. Bertako baserritarrei erosten diegunez, harreman zuzena dugu hornitzailearekin, eta horrek produktuaren kalitatea bermatzen du”.

Konpainiak mota guztietako platerak eskaintzen ditu, hasi zizka-mizketatik eta postreetaraino, “baina bereziki aipatzekoak dira kroketak, plater nagusiak eta postreak. 60 kroketa-mota dauzkagu, hogeita hamar bat plater eta dozena erdi bat postre. Ez dugu erabiltzen kontserbatzaile artifizialik, ez eta gehigarririk”.

Ostalaritzakoa eta azalera handiak

Bere bezero nagusiak ostalaritzakoak dira (% 50) eta gainerakoak, berriz, urdaitegiak eta azalera handiak. “Iaz IFS kalitate-ziurtagiria eskuratu genuen”. Plater horiek partikularrei ere eskaintzen dizkiete euren web orriaren bidez, baina negozioaren zati txiki bat baino ez da hori. “Eman nahi dugun zerbitzu gehigarri bat da”.

Iaz fakturazioa 5,8 milioi eurora iritsi zen, eta 46 langile dauzka plantillan, % 50 gizonak eta % 50 emakumeak. “% 99 euskaldunak gara eta euskaraz mintzatzen gara elkarrekin”. Berrikuntza garrantzitsua da konpainiarentzat, eta bi pertsona dauzka I+G arloan, zeina produktuetan nahiz prozesuetan aplikatzen baita.