Euskal AEn 12.919 nekazaritza-ustiategi zeuden 2020an, 2009an baino % 21,8 gutxiago, Eustatek egindako Nekazaritza Zentsuaren arabera. Landutako nekazaritzako azalera (LNA) neurri txikiagoan jaitsi zen, % 5,4, eta 180.196 hektareakoa izan zen. LNAren jaitsiera hori larre iraunkorretarako lurren jaitsieragatik gertatu zen nagusiki (-% 35,9); izan ere, landutako soroak % 3,1 hazi ziren, eta 81.392 hektareatara iritsi ziren.
Aprobetxamendu-motaren arabera, zurezko beste laboreen edo labore iraunkorren hazkundea nabarmendu da, nahiz eta lur landuen guztizkoaren % 1era iristen ez diren. Gora egin dute, baita ere, olibadiak (% 45,9) eta fruta-arbolek (% 35,7). Belarki-laboreak, lugorriak eta autokontsumorako baratzeak barne, % 1,7 hazi dira; beherakada bakarrak mahastien azalerari eragiten dio, aurreko zentsuko datuak baino % 0,5 gutxiago baitira.
Ahuntz-azienda hazten edo gizentzen diharduten abeltzaintzako ustiategiak dira hazi diren bakarrak, % 16,7; 1.873 ustiategi dira. Gainerako espezieen ustiategien kopuruak behera egin du, eta jaitsierarik handienak hegaztienak (-% 67,1) eta txerrienak (-% 65,3) izan dira. Behi-azienda duten ustiategiak % 20,8 jaitsi dira, eta ardi-azienda dutenak % 6,1.
Hala ere, ustiategi bakoitzeko abelburu-kopuruak gora egin du, ardien kasuan izan ezik, kasu horretan % 10,1 egin baitu behera. Zentsu arteko aldian, txerri-aziendaren ustiategiko abelburuen kopurua % 437,3 hazi da, hegaztien kopurua % 186,2, behiena % 32,1 eta ahuntzena % 2,1.
Guztira, 2020an 142.442 behi, 229.892 ardi, 25.661 ahuntz, 30.040 txerri eta 1,5 milioi hegazti baino gehiago zeuden.
Ustiategiaren kudeaketa
Ustiategiko buruaren batez besteko adina 57 urte eta erdikoa da. Laurden bat emakumeak dira, ia 60 urteko batez besteko adinarekin; gizonak, berriz, 3 urte gazteagoak dira batez beste.
Aurreko zentsuan jasotako datuen aldean, ehuneko 5 puntu jaitsi da emakumeen presentzia ustiategiko buru gisa, eta gaur egun 34,5 emakumezko ustiategi-buru dira 100 gizonezko buruko. Jaitsiera antzekoa da adin-talde guztietan, eta jaitsierarik handiena (% 5,7) talde gazteenean izan da, 40 urtetik beherakoenean. Bizkaian dago emakume gehien buruzagitzan, ustiategi guztien % 28,2an. Gipuzkoan % 25,9 dira, eta Araban, berriz, % 21,7.
Ustiategien ia % 60 40 eta 65 urte bitarteko pertsona batek zuzentzen ditu, % 30 baino gehiago 65 urtetik gorako pertsona batek kudeatzen ditu, eta % 10,4 40 urtetik beherako pertsona batek. Proportzioak aurreko zentsuaren oso antzekoak dira, eta adin-talde gazteena da aldaketa handiena duena, ia ehuneko puntu bat hazi baita.
Ekoizpen ekologikoa
Euskal AEn 424 nekazaritza-ustiategi zeuden landutako nekazaritzako azalera ziurtatua zutenak edo ekologikoki bihurtzeko prozesuan zeudenak 2020an. Azalera ekologikoa 5.242 hektareakoa zen, landutako nekazaritzako azaleraren % 2,9, baina aurreko zentsuan jasotako 611 hektareak baino askozaz handiagoa. Azalera ekologikoaren % 59,4 Araban zegoen, % 21,1 Gipuzkoan eta % 19,5 Bizkaian.
Abeltzaintza ekologikoko ustiategiak ere ugaritu egin dira: 2020an 2.700 behi inguru, 3.800 ardi, 450 ahuntz, 80 txerri eta 36.600 hegazti zeuden ekoizpen ekologikoan.