Gasteizko Udalak aukera emango du pandemia dela eta, hiriko galtzada batzuetan salbuespen gisa gaitutako ostalaritza-establezimenduetako terrazak mantentzeko. Joan den otsailean onartutako ordenantzan jasotako neurria astelehen honetan baieztatu du Gorka Urtaran alkateak.

Arabako hiriburuko Udalaren erabakia ez dator bat Bilboko eta Donostiako udalen jarrerarekin, tabernei eta kafetegiei emandako salbuespenezko baimen horiek ez luzatzea erabaki baitute.

Urtaranek hedabideei azaldu dienez, pandemiaren lehen faseetan edukiera, ordutegi eta jardueren murrizketengatik ostalaritzako establezimenduak konpentsatzeko hartutako “neurri asko” indarrean mantenduko ditu Udal Gobernuak.

Horrela, adierazi du terrazak eta mahaitxoak edukitzeko aukera mantenduko dela “trafikoa lasaitzeko” kaleetako galtzadetan edo plazetako arkupeetan.

Gasteizko Udalak (EAJ-PSE) mahaitxoen ordenantza berria onartu zuen joan den otsailean, berokuntza-sistema jasangarriak dituzten terraza estali iraunkorrak instalatzea ahalbidetuko duena.

Ordenantza berriak, zeinaren edukia otsailean ezagutzera eman baitzen, malgutu egingo ditu gaur egungo udal-araudiak horrelako egiturak instalatzeko ezartzen dituen baldintzak; horrela, lurrean ainguratutako terraza itxi iraunkorrak instalatu ahal izango dira, mahaitxoei segurtasun, egonkortasun eta erosotasun handiagoa emateko.

Halaber, arauak ezartzen du oinezkoen lehentasuneko kaleetan mahaitxoak jarri ahal izango direla fatxaden aurrean. Horrelako elementuak superetxadien barruko kaleetan ere jarri ahal izango dira, 30 km/h-ko abiadura-muga edo txikiagoa badute, betiere espaloiaren zabalerak beste aukerarik ematen ez badu. Kasu horretan, alboetako babesak jarri beharko dira, mahaitxoak eta ibilgailuak bereizteko.

Portikoetan edo arkuetan terrazak gaitu ahal izango dira, betiere ostalaritza-establezimenduek jabeen erkidegoaren baimena badute.

Egilea Andoni Beitia