Aernnova Engineering Division (AED) enpresako langileek, Arabako Parke Teknologikoan, Miñaon, aste honetako eta datorren asteko astearte eta ostegunetan (3, 5, 10 eta 12) lau greba egun egingo dituzte lan-baldintzen aurka.
ELAk ohar batean salatu duenez, 140 lagunek lan egiten duten enpresako zuzendaritzak “aprobetxatu” egin zuen sektorearen azken urteetako “egoera zaila”, “Gehiegizko aldi baterako lan-erregulazioak eta kaleratzeak egiteko”, eta orain, lan-karga handiagoa denez, “Malgutasun handiagoa eskatzen da lanaldian”.
Horrek “estresa eta prekarietatea” dakar, eta lau greba egun deitzea erabaki dute, protesta gisa. Bihar, lanuztearen lehen egunean, langileek elkarretaratzea egingo dute Arabako SEA patronalaren aurrean, eta enpresaren egoera azalduko dute xehetasun handiagoz.