MAIALEN MUSATADI / 2020-05-13/ Urteko lehen lauhilekoan, Arabako Foru Ogasunak 502,3 milioi euro bildu ditu guztira, hau da, aurreko urteko epe berean baino 70,7 milioi gutxiago; hortaz, % 12,3ko jaitsiera jasan du.

Datu horiek agerian uzten dute COVID-19aren krisiak dirubilketan dagoeneko izan duen eragina, eta beherakada handia eraginda, batez ere, alarma egoeraren ondorioz sortutako geldialdi ekonomikoak, baina baita enpresen eta familien likidezia bultzatzeko ezarritako neurri fiskalek ere.

“Datu kezkagarriak dira, duela aste batzuk egindako aurreikuspenak berresten dituztenak, eta horien gainean ari da lantzen Foru Aldundia datozen hilabeteetarako eszenatoki ekonomiko berria” azaldu du Arabako diputatu nagusi Ramiro Gonzálezek, eta erantsi du ezen xedea orain dela “lan egitea alabait lasterren suspertzeko, zerbitzu publikoak babesteko eta krisiak albait gutxien eragiteko enpleguari”.

Zuzeneko zergak: +% 15,7

PFEZak % 21,6ko igoera izan du aurreko urteko epe berarekin alderatuta (39,8 milioi gehiago), Arabako Ogasunak aurreko urteko epe berean baino itzulketa gutxiago egin behar izan dituelako, errentaren kanpaina presentziala atzeratzean.

Hala ere, lan etekinen eta lanbide jardueren gaineko atxikipenek martxora arte eusten zioten goranzko joera hautsi egin da. Hala, epigrafe hori % 3,4 jaitsi da, iazko lehen lauhilekoan baino 7,5 milioi gutxiago bildu baitira.

Bestalde, sozietateen gaineko zergan % 14ko jaitsiera izan da, batez ere, ordainketa atzeratzeko neurrien ondorioz. Zehazki, kuota diferentziala % 38,6 jaitsi da, hau da, Arabako Ogasunak aurreko urtean data hauetan baino 5,7 milioi gutxiago jaso ditu.

Zeharkako zergak: -% 27,8.

Zeharkako zerga guztien ondoriozko diru sarrerek % 27,8ko beherakada izan dute, kontsumoaren eta jarduera ekonomikoaren beherakada garrantzitsuaren ondorioz.

Kontsumoaren eta jarduera ekonomikoaren jaitsieraz gain, BEZaren bidezko dirubilketan eragin handia izan baitu, kontuan hartu behar da martxoan eta apirilean aurkeztu ohi diren aitorpenei dagozkien zergen aurkezpena eta ordainketa geroratzeko hartutako neurrien ondorioz murriztu egin dela zerga horren bilketa, eta oraingoz ezin da aurreratu zein izango den guztizko beherakada.

Zerga berezietan nabarmentzekoa da hidrokarburoen gaineko zergaren ondoriozko diru sarreren jaitsiera handia, 18,8 milioi eurokoa, aurreko urteko hilabete berean baino % 27,9 gutxiago bildu baita, jarduera ekonomikoaren beherakada handia dela eta

Egilea Andoni Beitia