EHUk Entrepreneur proiektuan parte hartuko du

Duela gutxi aurkeztu du Gasteizek ‘ENSANCHE Entrepreneur Creative Quartier’ proiektua New European Bauhaus deialdira. Ekimen hori Europako Batzordeak jarri du abian ikuspegi gizatiarragotik, jasangarriagotik eta barneratzaileagotik abiatuta, Europako eta bertako hirietako sistema kultural eta ekonomikoa eta bizimoduak berriro definitzeko asmoz. New European Bauhaus izango da Europako Green Deal-en muina eta Europako Batasun osoan sormenaren eta berrikuntzaren eztanda modukoa zuzentzea du xede.

Proiektuaren oinarriak jakinarazteko asmoz, ekitaldi bat antolatu da non hartu baitute parte Gorka Urtaran alkateak; Manoli Igartua Arabako UPV/EHUren campuseko errektoreordeak; Jimena Ruiz de Landa Arabako Arkitektoen Elkargoko presidenteak; Jose Luis Azkarate Ensanche XIX elkarte zibikoko idazkariak; eta Carlos Cuerda jaunak ekimena egituratzeaz eta Europako deialdira aurkezteko lanak koordinatzeaz arduratu den Naider enpresakoak eman dute ekimenaren berri gaur goizean.

Gasteizko proiektuaren helburu nagusia da hiriko erdiguneko barrutiaren, XIX. mendeko Zabalgunearen eta haren influentzia eremuaren, biziberritze integrala lortzea. Horretarako, ingurune horretan hiriaren bokazio jasangarria (ekodiseinuaren eta ekoberrikuntzaren bidez) bateratu nahi da bertako industria eta enpresa arloko jarduera handiarekin (industriari lotutako zerbitzuak, hiriko zerbitzuak eta sormen-industriak) eta unibertsitateak sortzen dituen talentuarekin eta jakintzarekin.