MAIALEN MUSATADI / 2020-05-18/ Europako Berrikuntza eta Teknologia Institutuak (EIT) 60 milioi euroko funts bat abiarazi du, Covid-19ak eragindako krisiari aurre egitera bideratuta dauden eta inpaktu handiko konponbideak garatuko dituzten proiektu berritzaileentzat.
EIT Europar Batasuneko organo bat da, Horizontea 2020 programaren (EBko ikerketa eta berrikuntza sustatzeko programa markoaren) barruan dagoena. Institutuak Europako herrialde guztietako kolaborazio dinamikoak -EITko berrikuntza eta ezagutza komunitateak- babesten ditu unibertsitate, ikerketa laborategi eta lehen mailako enpresen artean.
Finantzaketa bide horri esker, berrikuntza proiektu berriak abiaraziko dira, pandemiak eragindako krisiari aurre egiteko, eta laguntzak emango zaizkie enpresa sortu berriei, zabalkunde-prozesuetan dauden enpresei eta ETE berritzaileenei, denak baitira garrantzitsuak ekonomia lehenbailehen suspertzeko. Hala, funts gehigarri hauek eskuratuko dituzte “Enpresei laguntzeko tresnaren” aterkipean.
EITk prozedura azkar bat erabiliko du berrikuntza eta ezagutza komunitateen proposamenak ebaluatzeko. Proiektu bakoitzari emango zaion finantzaketa aurkeztutako proposamenen kalitatearen eta egokitasunaren araberakoa izango da.
60 milioi euroko funts honek berrikuntza sustatuko du osasuna, klima aldaketa, digitalizazioa, elikadura, energia jasangarria, hiriko mugikortasuna, industria eta lehengaiak bezalako arloetan. Erronka horietako bakoitzak zuzeneko eta zeharkako erantzunak eskaintzen ditu krisiari aurre egiteko, eta denak izango dira baliagarriak Europari suspertzen laguntzeko.