Eusko Jaurlaritzak atzo jakinarazi die Euskadiko Administrazio Orokorreko Mahai Sektorialean ordezkatuta dauden sindikatuei aurten 3.108 plaza betetzeko deialdia egingo duela hainbat deialditan. Horixe adierazi diete Jaurlaritzako Funtzio Publikoko arduradunek gizarte-eragileei gaur Lakuan egin duten mahai sektorialaren bileran. Plaza horien erdiak baino gehiago merezimendu-lehiaketaren modalitatean eskainiko dira, eta gainerakoak oposizio-lehiaketaren modalitatean.

Horrela, eskain daitezkeen lanpostu huts guztiak eskaintzen dira, eta, gainera, euskal administrazio publikoan bitarteko langileen tasa handia murrizteko hartutako konpromisoari erantzuten zaio; horretarako, Lan Eskaintza Publikoen (LEP) deialdia egin behar da. Egonkortze-eskaintza horiek indarrean dagoen legeria betez gauzatuko dira, Kidego eta Eskalen Euskal Legean jasotako xedapen gehigarriek gaitzen duten esparru juridikoaren barruan.

Funtzionarioentzako plaza guztietatik 1.884 merezimendu-lehiaketa bidez ebatziko dira, eta gainerako 1.219ak lehiaketa-oposizio bidez; hau da, eskainitako lanpostuen % 60,6tan, izangaiek merezimenduak baino ez dituzte baloratuko, eta bereziki kontuan hartuko dira deialdia egin duen administrazioan lanean emandako urteak, bai eta lanbide-heziketa eta prestakuntza akademikoa ere, besteak beste.

Eskainitako lanbide-eskalak berrogeita hamar inguru dira, eta, besteak beste, honako hauek hartzen dituzte: administrazio-langileak, legelariak, gizarte- eta lan-arreta, estatistika, hizkuntza-normalizazioa, osasun publikoa edo epidemiologia.

Deialdiek, batez ere, kasuan kasuko kidegoan, eskalan, kategorian edo baliokidean izandako esperientzia kontuan hartzeko beharra balioesten dute. Deialdi bakoitzean bi prozesu-mota arautuko dira: bata, oposizio-lehiaketaren bidez Funtzio Publikoan sartzeko aukera ematen duena, eta, bestea, merezimendu-lehiaketaren bidez egiten duena, aplikatu beharreko araudiaren arabera. Bi kasuetan bermatuta daude enplegu publikoa lortzeko hautaketa-prozesu horietarako eskatzen diren berdintasun-, merezimendu-, gaitasun- eta gardentasun-printzipioak.

Eskaintza horiek Mahai Sektorialaren bileretan eta zentral bakoitzarekin aldebiko bileren errondetan sindikatuekin izandako negoziazio gogorraren ondoren egin dira.

Laster jakinaraziko dira deialdien datak, eta horiek gauzatu ondoren, azken urteetan Euskal Administrazio Orokorrean metatutako bitartekotasuna neurri handi batean murriztuko da.

Egilea Andoni Beitia