Berrikusteko klausulek soldaten negoziazioa haustsi dute

CEOE eta Cepyme patronalek eta CCOO eta UGT sindikatuek amaitutzat eman zituzten atzo aurtengo soldaten akordio berri bat sinatzeko negoziazioak, sindikatuek Enplegurako eta Negoziazio Kolektiborako Akordioaren esparruan itun bat lortzeko egindako bileran azaldu zutenez. Horrela, Gobernuak inflazioari aurre egiteko lortu nahi duen errenten ituna errealitate izatetik urrunago geratzen da.

Soldata-bermearen klausula, urte amaieran langileen soldatak inflazioaren arabera eguneratzen dituena, ezinbestekoa da sindikatuentzat prezioen ziurgabetasunaren aurrean, eta onartezina patronalarentzat, espiral inflazionista sor dezakeelako. CEOEren ustez, “Jarrerak oso urrun daude bi aldeen artean, eta akordioa ezinezkoa da une honetan”. Antonio Garamendi presidenteak ordu batzuk geroago iradoki zuen klausula horiek “negoziaezinak” direla. Sindikatuekin itunik egin ezin bada, CEOEk “gomendioen” dokumentu bat egingo du, berrikuspen-klausularik gabeko adostasun batean oinarrituta.

“Alde gaindiezina soldatak berrikusteko klausularekin lotuta dago”, azaldu zuen CCOOk. UGTk adierazi zuen amaitu direla soldata-igoeraren negoziazioak, baina “beste gai batzuk negoziatzen” ari direla AENCen esparruan, eta ez zutela aterik itxi “aurrerago” soldaten gaia berriro irekitzeko. Akordiorik ez badago, alderdi guztiek onartu zuten negoziazio kolektiboa “tenkatuko” dela eta lan-gatazkak areagotuko direla.

Bestalde, ELA, CCOO, LAB, USO, ESK eta CGT sindikatuek Arabako metalgintzako greba deialdia berretsi dute ostegun honetan, hilaren 18,24 eta 26an, patronalarekin beste bilera bat egin ondoren.

ELAk atzo jakinarazi zuenez, bosgarren negoziazio-bileran ez da aurrerapausorik eman, patronalak “behin eta berriz esaten baitu sindikatuak izan behar direla aldarrikapenak murriztuko dituztenak”.