Txikizkako salmentak % 4,9 hazi dira urteko lehen hiruhilekoan

Eustatek landutako datuen arabera, 2022ko lehen hiruhilekoan, Euskal AEko txikizkako merkataritzaren sektorean salmentak % 4,9 igo dira, aurreko urteko hiruhileko beraren aldean, egutegiaren eraginak atera ondoren eta prezio finkoetan. Sektoreko salmentak, gasolina-zerbitzuguneak kontuan hartu gabe, % 5,4 igo dira 2021eko lehen hiruhilekoaren aldean.

Aurreko hiruhilekoarekin alderatuta, eta urtaro-ondorioak kenduta, 2022ko lehen hiruhilekoko salmenta-indizea % 1,2 igo da.

Sektoreka, 2021eko lehen hiruhilekoaren aldean, Gainerako produktuen prezio finkoetako salmentak, elikadura kenduta, % 11,5 igo dira 2022ko lehen hiruhilekoan. Aldiz, termino berberetan, Elikagaien salmentak % 0,7 jaitsi dira, eta Automoziorako erregaiarenak % 1,8.

2021eko laugarren hiruhilekoarekin alderatuta, urtaro-eraginik gabeko terminoetan eta prezio finkoetan, Elikagaien eta Gainerako produktuen salmentak % 0,2 eta % 1,8 igo dira, hurrenez hurren. Automoziorako erregaiaren salmentek, aldiz, % 1,4 egin dute atzera.

Elikagaien txikizkako merkataritzaren barruan, Elikagaietan, edarietan eta tabakoan espezializatutako merkataritza (hala nola fruta-dendak, harategiak, arrandegiak, etab.) % 3,3 hazi da 2021eko lehen hiruhilekoarekin alderatuta. Aitzitik, Elikagaiak, edariak eta tabakoa nagusi diren txikizkako merkataritza ez-espezializatua (batez ere, supermerkatuak eta hipermerkatuak) % 2,5 murriztu da.

Igoera handiena, Gipuzkoan

Gainerako produktuen txikizkako merkataritzan, 2022ko lehen hiruhilekoko salmenten bilakaera, aurreko urteko hiruhileko beraren aldean, ez da homogeneoa izan. Hala, Etxeko ekipamenduan espezializatutako merkataritza (besteak beste, etxetresna elektrikoak, altzariak eta telekomunikazio-ekipoak) % 27,7 igo da, eta Pertsonen ekipamenduetan espezializatutako txikizkako merkataritza % 11,7. Gainerako produktuak nagusi diren txikizkako merkataritza ez-espezializatuan eta Beste kontsumo-ondasun batzuetan espezializatuan sartutako produktuen salmentak, aldiz, % 8,3 eta % 4,5 jaitsi dira, hurrenez hurren.

Lurraldeka, 2022ko lehen hiruhilekoko salmenta-indizeak urte arteko % 9,5eko igoera izan du Gipuzkoan eta % 3,9koa Bizkaian; Araban, aldiz, salmentak % 0,7 jaitsi dira urte arteko terminoetan. Hiruhileko arteko terminoetan, salmenten bilakaera positiboa izan da lurralde guztietan: % 1,8 Gipuzkoan, % 1,2 Araban eta % 0,9 Bizkaian.

Euskal AE osoan txikizkako merkataritzaren sektorean lan egiten duten pertsonen kopurua % 3,8 gehitu da 2022ko lehen hiruhilekoan, aurreko urteko lehen hiruhilekoaren aldean. 2021eko laugarren hiruhilekoarekin alderatuta, igoera % 0,4koa izan da.