Hepyc enpresa gipuzkoarra txirbil-harroketa bidezko ebaketa-tresnetan espezializatuta dago duela 75 urtetik. Sofía Taboada Gómez Hepyc-eko Marketin zuzendariak azaldu duenez, “edozein metal mota lantzeko tresnak fabrikatzen ditugu, 800N/mm2 baino gutxiago duten altzairu bigunak eta 65 HRC-ko altzairu gogorrak besteak beste, altzairu herdoilgaitzetatik, aleazioetatik, superaleazioetatik eta fundizio-prozesutik pasata”. Mota horretako metalen mekanizazioa hainbat modutan egin daiteke: zuloak, barautsen bidez; hariak, hariztatzeko arrak erabiliz; fresatuak edo artekatuak, fresen bidez; abeilanatuak, hurrupatzaileekin; eta eskariatuak, eskariatzaileen bidez.

Enpresak tresna berri bat merkaturatu berri du: interpolazio bidez hariztatzeko fresak, material oso gogorrekin operazio bakar batean hariztatu eta bizarra kentzen duena. “Metal Gogor Integral (HM-MD) materialarekin fabrikatuta daude, eta TiAlCN geruza anitzeko estaldura du (Titanio-Aluminio karbonitruroa); horri esker, 500ºC-ko tenperatura maximoak jasan ditzake”, zehaztu du Marketineko zuzendariak. Gainera, fresak 15º-ko geometriarekin fabrikatzen dira, eta propietate horrek hausteko probabilitate txikiagoa ematen dio mekanizazio-prozesuan. Azken batean, interpolazio bidez hariztatzeko fresa horiek ia material mota guztietarako egokiak dira, baita 50 HRC baino gehiagorako ere.

Hernaniko enpresan hariztatzeko gailu sorta oso handia nabarmentzen da, bereziki Hunix arrak. Sofia Taboada Gómezek zehaztu duenez, “gure produktuek piezak mekanizatzeko balio dute hainbat sektoretan, hala nola aeronautikan, trenbide-sektorean, automobilgintzan, energia berriztagarrietan, ontzigintzan edo makina-erremintan.

Industria 4.0 kontzeptuan oinarritua

Produkzio guztia bere fabrikazio-zentro aurreratuan ekoizten da. Marketineko arduradunaren arabera, “Industria 4.0 kontzeptuan oinarritzen da, azken belaunaldiko makineria eta teknologia baitu ebaketa-tresnak eta, bereziki, hariztatzeko arrak fabrikatzeko”. Apustu horrekin kalitate handiko produktuak eskaintzen ditu, modu eraginkor eta produktiboan, mundu mailan lehiakorra izateko ezinbesteko baldintzak.

Hepyc-ek 28 langile ditu, eta ia 6,5 milioi fakturatzen ditu urtero; horietatik % 20 esportazioetatik datoz. “Gaur egun 30 herrialde baino gehiagotan dugu presentzia. Eta, Europa inguruko herrialdeetan zentratuta gauden arren, gero eta gehiago saltzen ari gara Latinoamerikan eta Asian”, Marketineko zuzendariak dioenez.

Etorkizunari begira, Hepyc-ek helburutzat hartu du “enpresa gehiago digitalizatzea eta merkatu berrietan sartzea, digitalki zein tradizionalki”, Saioa Taboadak aurreratu duenez.

Avatar

Egilea Andoni Beitia