2021eko laugarren hiruhilekoan, Euskal AEn 3.595 haur jaio ziren, aurreko urteko aldi berean baino % 4,9 gehiago, Eustaten datuen arabera. Araban igoera nabarmena izan da, 632 haur jaio baitira, aurreko urtean baino % 16,2 gehiago; Gipuzkoan 1.233 haur jaio dira, % 8,3 gehiago, eta Bizkaian 1.730, % 0,9 gutxiago.

Hileka, igoera % 11,2koa izan zen abenduan eta % 5,2koa azaroan; urrian, ordea, % 0,6ko jaitsiera izan zen.

2021eko udazkenean Euskal AEn ama izan ziren emakumeen % 29,7 atzerritarrak izan ziren, 2020ko aldi bereko % 30eko portzentajea baino pixka bat gutxiago. Araba ehuneko horren gainetik egon zen % 36,9raino; Gipuzkoan eta Bizkaian, berriz, ehunekoak % 28,3 eta % 28,1 izan ziren, hurrenez hurren.

Jaiotzak adinaren arabera banatuz gero, 30-34 urteko amak % 34,2 dira, nola baita 35-39 urtekoak ere. 25-29 urteko amen taldearen ekarpena % 14koa izan zen. 40 urtetik gorako amak (% 11,8) 25 urtetik beherakoak (% 5,8) baino gehiago izan ziren.

Amaren profila: 30 urtetik gorakoa eta ezkongabea

Amatzeko adina aldatu egiten da nazionalitatearen arabera ere. Izan ere, ama atzerritarren batez besteko adina 31,4 urtekoa izan zen, eta, espainiar nazionalitatekoena, 34,5 urtekoa.

Ezkontzaz kanpoko jaiotzak guztizkoaren % 50,2 izan ziren 2021eko laugarren hiruhilekoan, 2020ko aldi berean baino 1,1 puntu gehiago.

Jaiotza-hurrenkeraren arabera, ia erdiak, 1.780 (% 49,5), lehenengo seme-alabak izan ziren; 1.299 (% 36,1) aurretik beste bat bazen familietara iritsi ziren; hirugarren eta ondorengo seme-alabak 516 izan ziren (% 14,4).

2021. urte osoa kontuan harturik, jaiotzen behin-behineko kopurua 14.247 izan zen, hau da, 492 gutxiago (-% 3,3), 2020ko datuekin alderatuta. Jaitsiera hori hiru lurraldeetan gertatu zen: Bizkaian % 5,1 (370 jaiotza gutxiago), Gipuzkoan % 1,9 (93 jaiotza gutxiago) eta Araban % 1,2 (29 jaiotza gutxiago).

Egilea Andoni Beitia