MAIALEN MUSATADI / 2020-05-20/ Gero eta merkatu-eredu iraunkorragoa bermatuko duen 2018-2021 Plan Estrategikoaren barruan, 2019ko ekitaldiaren amaieran, Mercabilbaok merkaturatze bolumenari eutsi dio, eta guztira 253.735 tona merkaturatu ditu.

Sektoreka, fruten eta barazkien salmentak gora egiten jarraitzen du, eta 227.529 tonako merkaturatze bolumena lortu du, aurreko ekitaldean baino %1 gehiago. Frutetan, laranjaren (35.176 tona), platanoaren (25.039 tona) eta sagarraren (21.105 tona) salmenta nabarmendu zen. Barazkietan berriz, patataren (15.881 tona), tomatearen (16.059 tona) eta tipularen (5.068) salmenta nabarmendu zen. Iaz merkaturatutako fruta eta barazkietatik, gehienak estatuan zuten jatorria (%86 inguru), eta gainerakoak inportatuak izan ziren.

Bestalde, arrainen, itsaskien eta itsasoko produktu izoztuen merkatuak, guztira 24.355 tona batu zituen, hau da, 2018an baino %4,32 gutxiago. Atzerakada honen arrazoia arrain freskoaren eta izoztuaren merkaturatzeak behera egin duela da. Horrez gain, herritarren erosteko eta kontsumitzeko ohiturak ere aldatu egin dira.

Itsaskiaren komertzializazioak berriz, apur bat gora egin du iazkoarekin alderatuta. Aipatzekoa da, Bizkaiko Golkoko portuak arrain freskoaren hornitzaile nagusiak direla oraindik, eta atzetik, Galizia dator. Galiziako portuak dira itsaski gehien hornitzen dutenak.

Fruten eta barazkien, arrainaren, itsaskien eta itsasoko produktu izoztuen sektoreetako prezioek aurreko urteetakoen antzera jarraitzen dute.

Elikadura orokorreko produktuak, arrautzak, haragiak, esnekiak eta elikadura oro har, biltzen dituen balio anitzeko sektoreari dagokionez, 1.851 tona bildu zituen, aurreko urteetako kopuruak nabarmen jaitsiz, banaketa-lanak egiten dituzten biltegi batzuen jarduera aldaketaren ondorioz, batez ere.

Mercabilbao modu formalean sortu zenetik 50 urte baino gehiago igaro ondoren, gaur egun merkatuan mila pertsona baino gehiagok egiten dute lan, ia %100eko okupazioa du eta ehun enpresa baino gehiago ari dira lanean merkatuak hartzen dituen 13 hektareatan. 2019ko abenduaren 31ko datarekin, Elikagaien Unitateak 639.000 ibilgailu jaso ditu.

Egilea Andoni Beitia