Hiru ingeniari eta kirolaren esparruan pertsonak ahalduntzeko nahia dira Wellk-en ernamuina. Pandemian jaiotako startupak, teknologia palanka gisa erabiltzea du helburu, kirola egiteko hiri, enpresa, unibertsitate, eskola eta ingurune aktibo eta seguruak sortzen laguntzeko.

SPRI Taldearen laguntzarekin, BIC Gipuzkoaren bitartez, Wellk bere historia marrazten hasi da kirol aplikazio eta softwareen merkatuan. “Funtsezkoa da BIC Gipuzkoa bezalako eragileak egotea. Gure kasuan, ia ideiatik bertatik egon dira presente bide osoan, negozio sendo bat sortzen lagunduz. Laguntza hori negozio-plana sortzetik finantzaketa eta kontaktu interesgarriak bilatzeraino doa. Laguntza ezinbestekoa da hasten ari zarenean”, ziurtatu du Euken Ercillak, industria eta produktu diseinuko ingeniariak eta Wellken sortzaileetako batek.

Horrela, Donostiako startupa dagoeneko hiru produktutan ari da lanean, merkatu desberdinei zuzenduta. Horietako bat Wellk App da, eta Joseba Martín telekomunikazio eta informatika ingeniariak eta enpresaren sortzaileak azaldu duenez, “dibertsio eta sozializaziora bideratutako produktua da, bi ideia jorratzen dituena: ezagutza, kirol-baliabideetarako sarbidea eta erabilera optimizatzea ahalbidetzen baitu; eta konexioa, herritarren edo langileen parte-hartzea eta kirol-jardueren komunitateen sorkuntza sustatuz”. Bigarrena Wellk Space da, kirolean eta osasunean Smart Cities-ak sortzera bideratua. “Analitikarekin lotutako produktua da hau, eta datuetatik informaziora pasatzea ahalbidetzen du. Jarduera fisikoari lotutako erabiltzailearen esperientziari buruzko datu bakarrak lortzen dira, eta egoerari buruzko diagnostikoak sortzeko informazioa tratatzen da”, argitu du Martínek. Eta, azkenik, MediFit dago, diseinura eta pertsonalizaziora bideratua. “MediFitek aukera ematen du jarduera fisikoa modu egituratuan egiteko, jarduera fisikoko profesional baten jarraipenarekin eta aholkuekin”, gehitu du Martínek.

Oso emaitza positiboak

Beraz, soluzio digital horrek aukera asko ekar diezaieke udalerriei eta enpresei ingurune aktibo eta seguruetan pertsona aktiboak sortzeko. Izan ere, app-a (doakoa da) Eibarko Udalarekin batera sortutako proiektu pilotu batean probatzen ari dira. “Oso pozik gaude app-aren bizitzako lehen hilabete honen emaitzarekin. Lehenengo ekintza gisa, app-aren bidez erronka bat sortu genuen eta 340 pertsonak baino gehiagok parte hartu dute. Horrez gain, dagoeneko 250 jarduera baino gehiago digitalizatu ditugu, 35 agente baino gehiagorenak”, Aritz Guineak, ingeniari biomedikoak eta Wellk-en sortzaileak, adierazi duenez. “Eskerrak ematen dizkiogu Eibarko Udalari laguntzagatik, hasieratik konfiantza izan baitu egiten ari garenean, eta proiektua ahalik eta arrakastatsuena izatearen aldeko apustua egin baitu», gaineratu du.

Erabiltzen duten teknologiaren funtzionamenduari buruzko xehetasun askorik eman ezin duten arren, Wellketik algoritmoetan lanean ari dira, erabiltzaile bakoitzari bere beharretara hobekien egokitzen den eskaintza gomendatzeko. Pertsonalizazio-osagai hori erabiliz, funtzio bikoitza betetzen duen tresna bihurtzen da, Martínek adierazi duenez: “Alde batetik, herritarren kirol-jarduera handitzen laguntzen du, haien gustu eta ohiturei dagokien eskaintza eskuratzean; eta, bestetik, kirolean eta osasunean egindako inbertsioen errentagarritasuna areagotzen du, ez bakarrik ekonomiaren arloan, baita ongizatearen eta osasunaren arloan ere”.

“Etorkizuneko jarduera fisikoaren sustapenak teknologian eta pertsonen ahalduntzean oinarritu behar du; izan ere, horren bidez, kirolerako sarbidea demokratizatzen da, eta, gainera, jarduera fisikoaren itsaspena bultzatzen duten tresnak sortzeko aukera ematen du”, ziurtatu du Ercillak. Beraz, Wellkek bere tresna hainbat udalerri eta enpresatan hedatzea aurreikusten du. “2022a hazkunde urtea da, lurralde berrietara hazi nahi dugu, plantilla handitu eta datozen erronkei aurre egiteko indar eta gogo handia dugu”, amaitu du Gineak.

SPRI Taldeak laguntza integralaren bidez berrikuntza, ekintzailetza eta barne-ekintzailetza laguntzen ditu, ideiak merkatura modu arrakastatsuan irits daitezen. Aurrera, Basque Fondo, Bind 4.0, Ekintzaile edo Barnekintzailetza ekintzailetzarako laguntza-programen bidez egiten du hori.

Avatar

Egilea Andoni Beitia