ELankidetza Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak ekainaren 10era arte ireki du desberdintasunei aurre egiteko eta herrialde pobretuetako biztanleen bizi-baldintzak hobetzeko proiektuetarako laguntzak emateko epea.

32 milioi euroko deialdia GGKEei zuzenduta dago eta hiru modalitatetan banatzen da: Garapenerako lankidetza-proiektuak; produkzio-garapeneko, prestakuntzako eta laguntza teknologikoko ekimenak; eta gizarte-eraldaketarako hezkuntza-proiektuak.

Elankidetzak funtsen % 20 Saharaz hegoaldeko Afrikan gauzatutako proiektuetarako gordetzen du, eta % 10 emakumeak ahalduntzeko eta genero-desberdintasunak desagerrarazteko ekimenetarako, Eusko Jaurlaritzaren Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren deialdiaren oinarrien arabera.

Garapenerako lankidetza-proiektuen modalitaterako hasierako zuzkidura 26 milioi eurokoa izango da, eta “pobreziaren eta desberdintasunen aurka borrokatzeko eta Hegoaldeko herrialdeetan ahalduntze-prozesuak indartzeko” balioko dute.

Ekoizpen-garapeneko, prestakuntzako eta laguntza teknologikoko ekimenei dagokienez, 1,2 milioi euroko zuzkidura izango dute. Azkenik, Euskadin egingo diren gizarte-eraldaketarako hezkuntza-proiektuei 4,8 milioi euro ematea aurreikusten da. Helburua euskal herritarren inplikazioa eta elkartasuna sustatzea eta Euskadira “beste errealitate batzuk” hurbiltzea da.

Egilea Andoni Beitia