MAIALEN MUSATADI / 2020-05-25/  Bizkaiko Foru Aldundiko Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako Sailak bidezorua konpontzeko lanak egingo ditu guztira 14.790 metroko luzera batzen duten zazpi errepide-tartetan. Lan horiek gutira 3,7 milioi euroko inbertsioa izango dute. Lanak uda honetan hasiko dira eta 19 hilabeteko epean bukatu behar dira. Errepideen foru sarea zaintzeko eta mantentzeko lanen barruan daude sartuta, era horretako lanetan Foru Aldundiak aurtengo ekitaldian 50,7 milioi euro inbertituko dituelarik.

Bizkaiko Foru Aldundiak, gainera, erabiltzaileek Bizkaiko errepide-sareari buruz egin duten balorazioari erantzuten dio. 7,7 puntuko nota globalarekin, bidezoruaren eta zoladuraren egoera hobetzeko eremurik handiena duen arloa dela adierazi dute. Bidezorua konpontzeko lanek errepidearen baldintzak hobetzen dituzte, eta, beraz, foru sarearen erabiltzaileen segurtasuna eta erosotasuna ere hobetzen dituzte.

Plataforma osoan (galtzada eta bi bazterbideak) egungo errodadura-geruza fresatzeko lanak egingo dira, hiru eta sei zentimetro arteko lodieran, eta hamabi zentimetro arteko lodieran, gainazaleko narriadurak identifikatu diren eremuetan. Egungoa kendu ondoren, inprimazioa aplikatuko da, eta nahasketa bituminosozko errodadura-geruza berri bat zabalduko da. Esku-hartzea amaitzeko, bide-marrak margotuko dira. Lan horiek egiteko, trafikoa eten edo moztu egin beharko da, eta behar bezala seinaleztatuta egon beharko dute lanok.

Errepideen kontserbazio- eta mantentze-lanetan iraunkortasuna bultzatzeari dagokionez, Aldundiak berrikuntza aipagarri gisa sartu du bidezoruak konpontzeko orduan material birziklatuak erabiltzea, zehazki, labe elektrikoko altzairugintzako agregakin siderurgikoak. Material horiek altzairua ekoizteko txatarra galdatzeko prozesuaren barruan lortzen dira, eta dagoeneko modu esperimentalean erabili dira, emaitza ezin hobearekin, Ballontiko ardatzaren zatietan eta inguruko errepideetan, hala nola Carmen-Galindo arteko errepidean eta Nervacerorako sarbidean.

Bidezorua konpontzeko lanak egingo diren tarteak honako hauek dira:

  • BI 735, Lutxana, Erandion (8+800 – 10+750 k.p.ak).
  • BI-2121, Morga eta Muxika artean (28+600 – 31+200).
  • BI-623, Otxandioko saihesbidea (45+700 – 48+840).
  • BI-625, Urduñako saihesbidea (351+300 – 353+500).
  • BI-625, Arrankudiagan (372+560 – 372+800).
  • BI-625, Arrankudiagan (373+480 – 374+340).
  • N-634, Amorebietako saihesbidea (89+980 – 93+780).
     

Egilea Andoni Beitia