Irizar e-mobilityko enpresa-batzordeak 22 eguneko grebari amaiera eman dio, langileen batzarrak zuzendaritzak eta sindikatuek ostiralean lortu zuten aurreakordioa onartu ostean.
ELAk aurreratu duenez (ordezkari bat du enpresa-batzordean, eta gehiengoa LABi dagokio), akordioak KPIaren gaineko soldata-igoerak jasotzen ditu, bai ekitaldi honetarako, bai 2023 eta 2024 urteetarako. Gaueko plusak, dietak eta kategoriak hobetzen ditu, eta lanaldi irregularrak eta urteari dagozkionak murrizten ditu.
ELAk zorionak eman dizkie Irizar Taldeak Adunan duen lantegiko langileei, “Erakutsi duen gogo eta kemenagatik”. “Langile klasea antolatzen denean eta grebara jotzea erabakitzen denean, hobekuntzak posible dira”, esan du.
Ostiralean lortutako aurreakordioak bertan behera utzi zuen sindikatuek Andoainen astebururako antolatu zuten manifestazioa. Horren ordez, informazio-kontzentrazioa egin zen, eta, ondoren, jaialdia egin zen, Berangoko (Irizar Taldea) Alconzako greban zeuden langileentzat dirua biltzeko.