Donostia Ikusin egoitza duten zerbitzu teknologikoen enpresak proiektuak esleitu ditu Espainiako hainbat aireportutan, guztira zazpi milioi euroko aurrekontuarekin, erabiltzaileen segurtasuna eta informazioa indartzeko. Kontratu horiek aireportu-zerbitzuak kudeatzen dituen Aena sozietatearekin sinatuko dira.

Erabiltzailearen segurtasunari dagokionez, Palmako aireportuan (Estatuan bidaiari gehien dituen hirugarrena) instalatutako babes-sistemen mantentze-lanak eramango dituela adierazi du Ikusik. Loiuko aireporturako proposamen bat ere aurkeztu du, sarbideen kontrola eta CCTV berritu eta instalatzeko.

Kontratu honek aurrekari bat du Lanzaroteko César Manrique aireportuan. Bertan, Donostiako enpresak Aenaren enkargua jaso du, besteak beste, sarbideak, ateak, hegazkineratzeko txartelen irakurketa, segurtasun-kamerak eta korridoreak kontrolatzeko sistema berritu eta instalatzeko.

Bidaiariari emandako informazioari dagokionez, Ikusik Madrilgo Adolfo Suárez, Bartzelonako Josep Tarradellas eta Sevillako aireportuetan lan egingo du. Bere instalazioetan “mundu mailako LED proiektu handienetako bat” garatuko du, ziurtatu duenez, fakturazio-mostradore bakoitzean sistema hori erabiliko duten panelak irekitzeko kilometro bateko azalera beharko baitu.

Jendearentzako informazio-sistemak ere berrituko ditu, eta hiru aireportu horietan informazio-gune berriak instalatuko ditu.

Avatar

Egilea Andoni Beitia