Euskal AEko ondasunen esportazioek (2.619,3 milioi euro), 2022ko martxoan eta aurreko urteko hil beraren aldean, % 11,0ko igoera nominala izan dute, Eustaten datuen arabera. Bolumen esportatzaile horren ondorioz, aurtengo martxoan serie historikoa izan da, eta 2021eko azaroa ere gainditu da; orduan, 2.600,4 milioi euro baino gehiago izan ziren. Esportazio ez-energetikoek % 4,4 egin zuten gora, eta energetikoek, % 131,1.

Inportazioen kasuan (2.238,3 milioi), % 31,0ko igoera egon da, produktu energetikoen % 95,3ko eta ez-energetikoen % 19,5eko igoeraren ondorioz. Merkataritza-fluxu horretan ere, martxoak serie historikoaren zifrarik altuena izan du, 2021eko azaroaren aurretik (2.163,8 milioi).

2022ko hirugarren hilak merkataritza-saldo positiboa izan du, 381 milioi euro ingurukoa, eta ia % 117,0ko estaldura-tasa ekarri du.

Euskal AEko hiru lurralde historikoek hazkuntza-tasa positiboak izan dituzte, eta igoera-ehunekoak % 1,5ekoa Araban, % 9,9koa Gipuzkoan eta % 19,0koa Bizkaian. Arabako esportazio ez-energetikoek % 1,4 egin dute gora; Gipuzkoakoek, % 9,9, eta Bizkaikoek, % 1,9. Esportazio energetikoek are gehiago egin dute aurrera Bizkaiaren kasuan, eta % 131,8ra iritsi dira.

Araban, esportazioak honako hauetan kontzentratzen dira: “Garraio-materiala” (guztizkoaren % 47,6), baina produktu horretan % 14,7 egin dute atzera; “Metalak eta haren manufakturak” (urte arteko % 85,0eko igoera); “Plastikoak, kautxua eta haien manufakturak” (–% 8,3), eta “Materiala, makinak eta aparatu elektrikoak” (–% 1,1). Lau arantzel-sekzio horiek hil honetako garrantzitsuenak izan dira.

Garraio-materialen salmentek, gora Gipuzkoan

Gipuzkoan, gora egin dute “Garraio-materialaren” salmentek (% 12,3), bai eta “Metal eta haien manufakturenek” ere (% 36,4). Hala ere, Gipuzkoako rankingean, hirugarrenak, “Materiala, makinak eta aparatu elektrikoak”, % 9,3 egin du atzera.

Bizkaiaren kasuan, esportazio-igoera izan da “Garraio-materiala” (% 28,8), “Materiala, makinak eta aparatu elektrikoak” (% 4,5) eta, batik bat, “Produktu mineral eta energetikoak” (% 118,7) ataletan; “Metalak eta haien manufakturak” atalean, berriz, % 1,5 atzerakada izan da.

2022ko martxoan, bost herrialdek (Frantzia, Alemania, Italia, Erresuma Batua eta Portugal) eratu dute Euskal AEren bezero nagusien taldea; esportatutako guztizkoaren % 48,8 hartzen dute (1.277,7 milioi). Haietako lau EB27koak dira; entitate horrek % 63,5 hartzen du. Ehuneko hori % 68,8 izango zatekeen, lehengo E28an.

Frantziara eginiko esportazio kopurua % 20,2 hazi da, Portugalera eginikoa % 30,3, Italiakoa % 44,1 eta Herbeheretara eginikoa % 57,0, baina atzera egin dute Alemaniara bideratutakoek (–% 2,2), Erresuma Batura bideratutakoek (–% 19,6) eta Belgikara bideratutakoek (–% 20,1). Hil honetan, Estatu Batuei eginiko salmentek % 36,6 egin zuten behera, baina gora Txinakoek (% 26,6) eta, nabarmen, Singapurrera eginikoek –zehazki, 86,4 milioi euro fuelolioan– (% 1.987,5). Errusiara bideratutakoek % 53,5 egin dute behera.

Inportazioen erdia EB27tik etorri da (% 50,9). Europako herrialde garrantzitsuenen artean, Belgika nagusitzen da (% 99,8ko hazkuntza), bai eta Herbehereak (% 61,0), Portugal (% 35), Frantzia (% 23,9), Italia (% 18,8) eta Alemania (% 9,2) ere. Erresuma Batukoek, azkenik, % 3,7ko igoera izan dute. Munduko gainerako herrialdeei begiratuta, jatorria Txinan duten inportazioek ere gora egin dutela ikusten dugu (% 11,9), bai eta Brasilen (% 551,6), Estatu Batuetan (% 569,1) eta Norvegian (% 700,8) dutenek ere. Errusiaren kasuan, % 83,2ko atzerapena egon da; 2021eko martxoan 73,7 milioi izan ziren eta 2022ko hil berean, 12,3 milioi. Azken herrialde horietako inportazioak funtsean energetikoak izan dira, Txinatik eta Errusiatik datozenak izan ezik; Errusiatik, hil honetan, ez dugu horrelako produkturik inportatu.

Petrolio olio finduen igoera

Xehetasunak ikusteko, 2022ko martxoan ikusten da hamar arantzel-partida nagusiek esportazioen % 43,4 kontzentratu zutela; baterako balioa 1.134,7 milioi eurokoa izan zen.

Nabarmentzekoak dira honako hauen igoerak: “Petrolioaren olio finduak” (% 150,5 eta 159,5 milioi gehiago aurreko urteko hil berean baino); “Automobilentzako zati eta osagarriak” (% 22,5 eta 190 milioi esportatu); “Hodi eta profil hutsak, soldadurarik gabeak, burdina edo altzairuzkoak” (% 155,6 eta 76,4 milioi). Halaber, gora egin dute “Aleatu gabeko burdinazko edo altzairuzko profilek” (% 30,0 eta 80,7 milioi), eutsi egin diote “Kautxuzko pneumatiko berriek” (% 0,7 eta 110 milioi); hala ere, atzera egin dute “10 pertsona baino gutxiagoko turismoen” esportazioek (–% 30,3 eta 172,5 milioi esportatu) eta “Salgaiak garraiatzeko ibilgailu automobilenek” (–% 22,7 eta 88,7 milioi). Martxoan nabarmentzekoa da, halaber, berriz ere, “Automotorrak, trenbideetarako eta tranbia autopropultsatuetarako” atalaren esportazioaren goreneko unea (29 milioi).

Inportazioen kasuan, arantzel-partidetan, pisu espezifiko gehienekoak, “Petrolioaren edo mineral bituminosoaren olio gordinak” (guztizkoaren % 20,3), % 183,9ko hazkuntza izan du, 2021eko hil berean baino 293,4 milioi gehiago, 453,0 milioiko guztizko erosketetan, honela banatuta: 263,4 milioi Brasilekoak, 89,2 Angolakoak, 59,5 Estatu Batuetakoak eta 40,8 Norvegiakoak. Joera positibo hori arantzel-partida nagusi gehienek izan dute, eta haien artean nabarmentzen da “Petrolio-gasa eta gainerako hidrokarburo gaseosoak” partidaren hazkuntza (% 122,4 eta 36,0 milioi inportatu), ia guztia “gas naturala”, hil honetan Estatu Batuetakoa (35,8 milioi). Era berean, honako hauen igoera ere nabarmentzen da: “Beroan laminatutako produktu lauak, aleatu gabeko burdinazkoak edo altzairuzkoak, 599 mm-tik gorako zabalerakoak” (% 106,5 eta 70,2 milioi) eta “Biodiesela eta haren nahasteak”, 24,6 milioi inportaturekin, Belgikatik (14,5 milioi) eta Herbeheretatik (10,1 milioi).

Arabako esportazioak

Arabako lurralde historikotik eginiko esportazioek % 1,5 egin dute gora, aurreko urtearekin alderatuta. Hamar partida nagusietatik –guztizkoaren % 69,9–, hazkuntza-tasa handiena “Hodi eta profil hutsak, soldadurarik gabeak, burdina edo altzairuzkoak” partidak izan du (% 353,6 eta 67,4 milioi), eta, ondoren, “Automobilentzako zati eta osagarriak” partidak (% 210,1 eta 57,3 milioi) eta “Hodi eta profil hutsak, burdina edo altzairuzkoak” partidak (% 71,1 eta 23,5 milioi). Behera gehien egin dutenak, berriz, honako hauek izan dira: “10 pertsona baino gutxiagoko turismoak” (–% 29,9 eta 171 milioi esportatu) eta “Salgaiak garraiatzeko ibilgailu automobilak” (–% 22,8 eta 88,3 milioi).

Bizkaiko esportazioak

Bizkaian esportazioek % 19,0 egin dute gora, 10 partida nagusiek (guztizkoaren % 53,6) hazkuntza-tasa positiboak izan dituztelako. Haien artean honako hauek nabarmentzen dira: “Petrolio finduaren olioak” (% 151,5 egin dute gora eta iaz baino 159,0 milioi gehiago), “Animalien edo landareen koipeak eta olioak, erabilera tekniko industrialetara bideratuak” (% 67,4 eta 34,5 milioi esportatu), “Barra eta profilak, altzairuzkoak” (% 54,4 eta 31,5 milioi) eta “Txapak eta zerrendak, aluminiozkoak, 0,2 mm-tik gorako lodiera dutenak” (% 50,4 eta 38,9 milioi).

Gipuzkoako esportazioak

Gipuzkoako esportazioek % 9,9 egin dute gora, eta joera positiboa nabarmentzen da honako hauetan, aurreko urteko hil beraren aldean: Automotorrak, trenbideetarako eta tranbia autopropultsatuetarako”, 29 milioi, 2021eko martxoan partida horren esportaziorik egon ez baitzen (baina 2020ko hil berean 83,6 milioi izan ziren eta, 2019an, 77,5 milioi); “Aleatu gabeko burdinazko edo altzairuzko profilak” (% 30,3 eta 78,1 milioi esportatu), “Gidaria barne hamar pertsona edo gehiago eramateko ibilgailu automobilak” (% 210,8 eta 12,8 milioi) eta ““Burdina edo altzairuzko gainerako manufakturak” (% 72,3 eta 21,8 milioi).

Lurralde horretan 3 partidak izan dute joera negatiboa, lehen 10en rankingean, eta, haien artean, honako hau nabarmentzen da: “Burdinbide eta antzekoetarako ibilgailuen parteak”, % 50,1 egin baitute behera eta 16,7 milioi igorri.

978,6 milioi euroko superabita kanpoko saldoan 2022ko lehen hiruhilekoan

2022ko lehen hiru hilotan, Euskal AEko esportazioek % 21,7ko igoera izan dute, aurreko urteko aldi beraren aldean; alegia, 1.316 milioi euro gehiago. Aldi horretan zenbateko esportatzailea 7.391,4 milioikoa da, eta kopuru horri Bizkaiak egiten dio ekarpenik handiena, 3.047,3 milioikoa (guztizkoaren % 41,2), gero Arabak (2.174,5 milioi) eta, ondoren, Gipuzkoak (2.169,6 milioi).

Bizkaiko esportazioek, gainera, urte arteko hazkuntza handiena izan dute, 664,8 milioi gehiago 2021ean baino, eta % 27,9ko hazkuntza erlatiboa. Araban, igoera % 16,6koa da (309,6 milioi gehiago) eta, Gipuzkoan, % 18,7koa (341,7 milioi). Esportatutako produktu mota kontuan hartuta, egiaztatu da esportazioek hazkuntzak izan dituztela, bai “Produktu energetikoenek” (322,5 milioi gehiago), bai “Produktu ez-energetikoenek” (993,5 milioi gehiago 2021eko hil bereko metatua baino).

2022ko lehen hiruhilekoan gehien saldu diren hamar produktuek (muga-zergen partidak) guztizkoaren % 42,3 kontzentratzen dute, 3.116,2 milioiko zenbatekoarekin. Haietako batek baino ez du egin pixka bat atzera, 2021eko aldi beraren aldean: “10 pertsona baino gutxiagoko turismoak” partidak; % 13,6 behera egin badu ere, jarraitzen du Euskal AEn esportazio-bolumen handiena duen partida izaten. Gehien hazi diren produktuen artean honako hauek nabarmentzen dira: “Petrolioaren olio finduak” (% 139,8 eta 311 milioi euro gehiago 2021ean baino, eta ehuneko hori murriztu egiten da % 46,8ra, euroak kontuan hartu beharrean esportatutako tonak kontuan hartzen badira), eta “Animalien edo landareen koipeak eta olioak, erabilera tekniko industrialetara bideratuak” (% 109,0 eta 57,3 milioi euro gehiago). Zerrendako gainerako produktuetan, aurrerapenak % 5,4 (21,8 milioi euro gehiago) eta % 92,4 (69,9 milioi euro gehiago) bitartekoak dira, “Salgaiak garraiatzeko ibilgailu automobilak” eta “Hodi eta profil hutsak, burdina edo altzairuzkoak” partidetakoak, hurrenez hurren. Honako igoera hauek ere badira kontuan hartzekoak: “Aleatu gabeko burdinazko edo altzairuzko profilak”, “Txapak eta zerrendak, aluminiozkoak, 0,2 mm-tik gorako lodiera dutenak” eta “Automobilentzako zati eta osagarriak”, % 46,2ko, % 57,9ko eta % 25,9ko aldakuntza positiboak izan baitituzte, hurrenez hurren.

Frantzia, hartzaile nagusia

2022ko hiru hilotako ranking esportatzailean, Frantzia da herrialde hartzaile nagusia, guztizkoaren % 16,1en hartzailea. Frantziaren ondoren, Alemania (% 16,0), Estatu Batuak (% 6,3), Herbehereak (% 6,1) eta Italia (% 6.,0) daude, eta, hala, bost herrialdeek esportazioen % 50,5 hartzen dute.

Euskal AErako inportazioen metatua, 2022ko lehen hiruhilekoan, 6.412,7 milioi euro ingurukoa da. Zifra hori urte artean erkatuz gero, 2021eko aldi berean erregistratutakoa baino 1.909 milioi handiagoa dela ikusten dugu. % 42,4ko gorakada hori izan da, zati handi batean, Bizkaiko lurraldean (3.621,7 milioiko balioa duten inportazioak ditu) % 52,9ko gorakada egon delako, alegia, aurreko urteko aldi berean baino 1.252,3 milioi gehiago. Araban ere inportazioek aurrera egin dute, % 31,1 termino erlatiboetan, 337 milioi euro gehiago salduta, eta, Gipuzkoan, % 30,5eko igoera izan dute eta 319,7 milioi euro gehiago; inportatutakoaren balioa 1.422,3 eta 1.368,7 milioi euro izanda, hurrenez hurren, bi lurralde horietan. “Produktu energetikoen” inportazioak % 76,5 egin du gora, aurreko urteko aldi beraren aldean, eta “Produktu ez-energetikoenak”, % 34,9.

Euskal AEko ondasunen kanpo-merkataritzak, 2022ko lehen hiru hiletan, 978,6 milioi euroko saldo positiboa izan du, eta aldeko estaldura-tasari eustea dakar, % 115,3koa.

Egilea Andoni Beitia