Manufaktura-industriak enplegua berreskuratu egin du

2020an COVID-19aren pandemiaren ondorioak arintzeko jarduerari ezarritako murrizketak gorabehera, erauzketa- eta manufaktura-industrien enpleguak, 2020an, Euskal AEko hogei eskualdeetako hirutan gora egin du, Eustatek dituen datuen arabera.

Euskal AEn batez besteko beherakada % 3,3koa izanik, honako eskualde hauek hazkuntza positiboak izan dituzte enpleguan: Añana (% 4,3) eta Arabako Mendialdea (% 0,6) Araban, eta Plentzia-Mungia (% 3,2) Bizkaian.

Lurralde-mailan, hiru lurraldeetan egin dute behera salmentek, 2019arekin alderatuta. Gipuzkoan, % 14,1 egin dute behera, Araban % 16,3 eta Bizkaian % 22,7; Euskal AE osoan, % 18,4koa izan da beherakada, 2019aren aldean. Salmenta garbien joera, eskualde-mailan, bera izan da: Euskal AEko hogei eskualdeek urteko hazkuntza-tasa negatiboak izan dituzte, eta Arabako Mendialdea eta Bizkaiko Plentzia-Mungia eskualdeak izan dira kalte gutxien jasan dutenak, % 1,7 eta % 2,6 egin baitute atzera, hurrenez hurren. Gipuzkoan, Urola Kosta izan da kalte gutxien jasan duen eskualdea (–% 6,9).

Balio erantsi gordinari dagokionez –ekoitzitakoaren balioaren eta erabilitako kontsumoen balioaren arteko aldea da, eta sortutako aberastasuna adierazten du–, % 15,2 egin du behera 2020an. Eskualdeko bilakaera eskualde batean baino ez da izan positiboa, Arabako Mendialdean, balio erantsiak % 12,6 egin baitu gora 2019tik 2020ra.

Araba

Erauzketa- eta manufaktura-industrien enpleguak, Arabako eskualdetan, % 3,1 egin du behera. Hala ere, aipatu den bezala, enplegua haietako bitan hazi da: Añanan eta Arabako Mendialdean, % 4,3 eta % 0,6, hurrenez hurren.

Igoera horiez aparte, lurralde honetako gainerako eskualdeetan murrizketak izan dira enpleguan eta intentsitatea ez da bera izan. Hala, Arabako Kantaurialdean, % 5,5 egin du behera, Gorbeialdean % 4,9 eta Arabako Errioxan % 1,4. Arabako Lautadan –bertan dago Vitoria-Gasteiz– % 3,3 egin du behera.

Salmentei dagokienez, esan behar da Arabako lurraldean salmenta garbiek % 16,3 egin dutela behera, 2019aren aldean; joera hori Arabako Lautadak markatu du, salmentak aurreko urtekoak –2019– baino % 15,0 baxuagoak izan baititu. Eskualde horretan izan da lurraldeko salmenta guztien ehuneko handiena, salmenten % 71,8, bai eta enpleguarena ere, % 63,5.

Bestalde, lurraldeko gainerako eskualdeetan salmentetan beherakadak egon dira, bakoitzean intentsitate batekoak. Haietako hiruretan beherakada % 15etik gorakoa izan da: Arabako Kantaurialdea (–% 25,2), fakturazioari eta enpleguaren bolumenari dagokienez garrantzia gehieneko bigarren eskualdea, Arabako fakturazio osoaren % 10,1 hartzen baitu eta enpleguaren % 13,9; Gorbeialdea (–% 23,2) eta Arabako Errioxa (–% 16,0). Era berean, nabarmentzekoa da Añanan salmentetan izan den beherakada, % 7,1ekoa; ondoren, Arabako Mendialdea dago, % 1,7ko beherakada izan baitu.

Balio erantsi gordinari dagokionez, % 15,2ko beherakada izan du 2020an Euskal AE osoan. Eskualde-bilakaera Euskal AEko hogei eskualdeetako batean baino ez da izan positiboa, Arabako Mendialdean; balio erantsia % 12,6 handitu da 2019tik 2020ra. Arabako lurraldeak, oro har, balio erantsiaren % 13,6ko beherakada izan du, eta bertako eskualde guztiek, Arabako Mendialdeak izan ezik, aldakuntza negatiboa izan dute, eta bereziki nabarmentzekoak izan dira Arabako Kantaurialdeko beherakada (–% 19,2) eta Gorbeialdekoa (–% 17,9). Eskualde horien ondoren, Arabako Lautada (–% 12,8) eta Arabako Errioxa eta Añana daude (–% 12 eta –% 11,9).

Bizkaia

Bizkaian, lurraldean enpleguaren batez besteko beherakada % 3,7koa izan da, eta bertako zazpi eskualdeetako batek baino ez du izan urteko aldakuntza positiboa, Plentzia-Mungiak, enpleguak % 3,2 egin baitu gora. Gainerako eskualdeetan, beherakadarik esanguratsuena Gernika-Bermeon izan da (% 6,8 egin du behera enpleguak) eta, ondoren, Markina-Ondarroan eta Enkartazioetan (biek % 4,8ko beherakada). Horiez gainera, Arratia-Nerbioin (% 4,7), Durangaldean (% 4,1) eta Bilbo Handian (% 3,7) ere beherakadak izan dira.

Bi eskualdek markatzen dute lurraldeko salmenten joera negatiboa, zeinak % 22,7ko beherakada izan baitu. Bilbo Handia (fakturazio osoaren % 63,6 hartu zuen) eta Durangaldea (%20,7); bien artean, Bizkaiko salmenta osoen % 84,3 hartzen dute. Bietan, bilakaera kontrakoa izan da; % 24,7 eta % 22,7 egin dute salmentetan behera, hurrenez hurren, 2019aren aldean. Lehenak –bertan dago Bilbo, lurraldeko hiriburua– enpleguaren % 54 hartzen du, eta bigarrenak, % 24,7; beraz, enplegu osoaren ia % 80. Hala ere, Gernika-Bermeo da Bizkaian salmenten beherakada handiena izan duen eskualdea, % 25,2 gutxiago; hala ere, salmenten kopuru osoaren % 3,1 baino ez du kontzentratzen.

Lurralde horretako gainerako eskualdeen beherakadak –joera negatiboa izan dute horiek ere– ez dira izan aurrekoenak bezain handiak. Markina-Ondarroan, % 16,0; Arratia-Nerbioin, % 11,8; Enkartazioetan, % 10,0, eta Plentzia-Mungian, lurraldean kalte gutxien jasan duen eskualdean, % 2,6.

Aldi berean, Bizkaia izan da balio erantsiaren beherakadarik handiena izan duena, % 19,1ekoa. Gipuzkoan bezala, eskualde guztiek izan dituzte bilakaera negatiboak, eta bereziki nabarmentzen da Bilbo Handia, % 23,2ko beherakada izan baitu. Gainera, eskualde hori da lurraldeko balio erantsiaren erdia baino pixka bat gehiago metatzen duena. Eskualde horren ondoren, Durangaldea (% 17,5 egin du behera), Gernika-Bermeo (–% 13,9) eta Enkartazioak (–% 12,9) daude. Zerrendaren amaieran Markina-Ondarroa, Arratia-Nerbioi eta Plentzia-Mungia daude, % 10,7ko, % 8,9ko eta % 3,8 beherakadekin, hurrenez hurren.

Gipuzkoa

Gipuzkoan islatu dira intentsitate baxuenaz enpleguko ondorioak (–% 3,0). Hala ere, eskualde guztietan murriztu da, gehiago ala gutxiago. Tolosaldean, esaterako, enpleguak oso aldakuntza gutxi izan du (–% 0,3), eta, beste muturrean, Debagoiena dago, eskualderik kaltetuena (% 6,0ko beherakada). Bi horien artean Bidasoa Beherea (% 4,4ko beherakada), Debabarrena (% 4,2koa), Donostialdea eta Goierri (biek enpleguaren % 2,4ko beherakada) eta, azkenik, Urola Kosta (–% 1,1) daude.

Erkaketan oinarrituta Gipuzkoako enpleguaren bilakaera ez hain negatiboa salmentetan ere nabaritu da. 2020an negozioen kopuruan % 14,1eko jaitsiera egon bada ere, alde handia dago Bizkaiko jaitsierarekin (% 22,7koa) eta Arabako % 16,3tik behera dago.

Lurraldean eskualdeen salmenten ehuneko pisua honela banatu da: Bidasoa Behereko % 4,5 eta Donostialdeko % 24,5 bitartean. Haietatik hurbil daude Goierri (% 21,3) eta Debagoiena (% 15,8).

Eskualde-mailan, 2019aren eta 2020aren artean, salmenten bilakaera desberdina izan da: besteak beste, Urola Kostan izandako fakturazioaren % 6,9ko beherakada eta Debagoieneko % 19,9koa. Lurraldeko batez bestekotik hurbilago daude Goierri (% 16,4 egin du behera salmentetan), Debabarrena (% 15,4 gutxiago), Bidasoa Beherea (% 14,1 gutxiago) eta Tolosaldea (% 10,5 gutxiago).

Donostialdean –eskualde horretan dago Donostia hiriburua–, salmentek % 12,9 egin dute behera, eta Gipuzkoako salmenta guztietan izan duen pisua haren enpleguaren tamainaren oso antzekoa izan da. Hala, Donostialdean egon da salmenten % 24,5 eta lurralde-enpleguaren % 25,0; bi kasu horietan gainerako hiriburuen eskualdeetan –lurraldeen arabera– baino zifra baxuagoak.

Gipuzkoan egin du gutxien behera aurreko urtearen aldean sortutako aberastasunak, balio erantsiak, % 12,3. Bertako eskualdeen artean, balio erantsiaren atzerakadarik handiena Debabarrenean izan da (2019koa baino % 16,1 baxuagoa); ondoren, Bidasoa Beherekoa, Goierrikoa, Debagoienekoa eta Donostialdekoa (% 15,2, % 14,9, % 13,7 eta % 11,8 baxuagoa, hurrenez hurren). Beste bi eskualdeetan aldakuntzak ez dira hain negatiboak izan, % 10,0etik beherakoak. Tolosaldeak % 8,5ko beherakada izan du eta Urola Kostak, % 6,1ekoa.