MAIALEN MUSATADI / 2020-06-01/ Ekografo eramangarriek goi-maiztasuneko soinu-uhinak erabiltzen dituzte, eta edozein lekutan kaltegabeko proba diagnostikoak egiteko balio dute. Bere erabileretako bat da sanitarioei laguntzea zain-bide zentralen ziztada egiten; horrela, ziztada kopurua murrizten da, prozesua laburragoa da eta pazienteari arreta hobea ematen zaio.

Prozesu hori optimizatze aldera, Basque Research and Technology Alliance (BRTA) aliantzako kide den Tekniker Dispositivos Médicos Flecho enpresarekin lanean ari da ekografo eramangarri berri baten hardwarea, kanpoko karkasa eta firmwarea diseinatu eta integratzeko. Gailu berriak zain-bide zentralen ziztada egiten lagunduko dio sanitarioari.

Teknikerrek, elektronikan eta doitasun handiko ekipamenduen diseinuan duen ezagutzari esker, enpresaren behar teknologikoei erantzuten die, point of care sistemak integratzeko; ezagutza hori ezinbestekoa izan da elkarlana martxan jartzeko.

Gailu eramangarri honek nabarmen hobetuko du pazienteari ematen zaion arretan, zeren, ziztada kopurua murrizteaz gain, ospitaleko arreta beste ekosistema batzuetara (betiere, arreta sanitariokoak) lekualdatu ahal izango da, eta, horrenbestez, pazientearen bizi-kalitatea hobetuko da.

Proiektuak bi alderdi izango ditu. Batetik, karkasa diseinatuko da, osagai elektroniko guztiak eta transduktore-ekografoa integratu beharko dituena; eta, gainera, kargatzeko oinarria eransteko aukera izan behar du. Fase horretan, Teknikerrek aholkuak emango ditu prototipoak eraikitzeko, gailuak fabrikatzen hasi baino lehen, eta enpresari lagunduko dio hornitzaileak bilatzen.

Bestetik, hardwarea diseinatuko da, eta horren barruan sartzen dira elikatze eta konektibitateko elementuak garatzea, horiek ordenagailu batekin integratzea, zundarekin bateragarria den sistema eragilea eta irudi ultrasonikoak bistaratzeko elementuak, bai eta gailuaren elementu elektronikoen kudeaketa ere, adibidez, pantaila grafikoa, elikatzea eta tenperatura neurtzeko sentsorea.

Proiektuaren fase honetan, halaber, hardware elementu guztiak gaitzeko eta integratzeko kapaz den firmwarea garatuko da, behin betiko produktuaren oinarria izango den prototipo funtzionala eraikitzeko. Horrez gain, elkarlan honetan Dispositivos Médicos Flecho enpresak garatutako softwarea integratuko da.

Kanpoko inguratzailea garatzeko, zentroak hiru prototiporen karkasak diseinatu, integratu, fabrikatu eta muntatuko ditu, eta horiek erabiliko dira gailuaren funtzionaltasuna eta ergonomia egiaztatzeko.

Teknikerrek honelako prozesuetan pilatu duen know how edo ezagutzari esker, beharrezkoa den dokumentazioa aurkeztu ahal izango du produktua homologatzeko, bai eta osagaien hornitzaile egokienak identifikatzeko eta industrializazio-prozesua errazteko ere.

Gailu berri honi esker, pazienteak bizimodu normalagoa izango du, ez baita beharrezkoa izango premiaz ospitalera joatea, eta, gainera, proba diagnostikoan ziztada kopurua murriztuko baita.

Avatar

Egilea Andoni Beitia