Eustaten datuen arabera, 2021eko laugarren hiruhilekoan, 1.565 ezkontza egin ziren Euskal AEn, aurreko urteko hiruhileko berean baino % 33,3 gehiago. 2019ko hiruhileko berarekin alderaturik, pandemiaren aurretik, 73 ezkontza gutxiago baino ez dira; horrek esan nahi du nolabaiteko susperraldia izan dela ezkontzetan.

Ezkontza-kopuruak hiru lurraldeetan egin zuen gora; izan ere, Araban 229 ezkontza izan ziren (duela urtebete baino % 47,7 gehiago), Bizkaian 781 (+% 34,9) eta Gipuzkoan 491 (+% 27,9). Bestalde, 64 bikotek bizilekua Euskal AEtik kanpo kokatu zuten.

Ezkontza guztietarik, 1.506 heterosexualak izan ziren, eta 59 sexu bereko pertsonen artekoak (34, emakumeen artean; 25, gizonen artean).

2021eko laugarren hiruhilekoan, 10 ezkontzatik 9 zibilak izan ziren, % 91,6. Ezkontza zibilen ehunekoa ehuneko 2,4 puntu txikiagoa izan zen 2020ko aldi berekoa baino.

2021eko laugarren hiruhilekoko 1.565 ezkontzetan, bizilekua Euskal AEn duten 1.484 gizonezko eta 1.518 emakumezko ezkondu ziren. 1.218 senarrentzat (% 82,1), lehen ezkontza izan zen; 19 alargun eta 247 dibortziatu, aldiz, berriro ezkondu ziren. Emakumeen lehen ezkontzen ehunekoa gizonena baino zertxobait txikiagoa izan zen: 1.231 izan ziren (% 81,1). Orobat, alargunak 7 izan ziren, eta dibortziatuak 280.

Ezkontideen adinaren araberako banaketari dagokionez, senarren % 91,3k eta emazteen % 84,8k 30 urtetik gora zituzten. 2020ko aldi berean, ehuneko hori % 90,3 izan zen gizonen artean eta % 85,8 emakumeen artean.

2021eko laugarren hiruhilekoan, gizon ezkonberrien % 15,8k eta emakume ezkonberrien % 21,6k atzerriko nazionalitatea zuten. Aurreko urteko hiruhileko berarekin alderatuta, gizonen artean portzentajea ehuneko 0,6 puntu jaitsi da, eta emakumeen artean 0,8 puntu.

2021eko behin-behineko zenbaketan, Euskal AEn bizi ziren pertsonen ezkontzak 6.389 izan ziren, aurreko urtean baino % 57,5 gehiago. 2019. urtearekin alderatuta, zifra hori % 14,5 jaitsi da, eta horrek esan nahi du oraindik ez direla berreskuratu pandemiagatik 2020an egin ez ziren ezkontza asko.

Ezkontza zibilak % 90,7 izan ziren, 2020ko % 93,8a baino gutxiago.

2021. urtean orotara, senarren % 12,9k eta emazteen % 18,2k atzerriko nazionalitatea zuten, 2020. urtean baino ehuneko txikiagoak bi kasuetan, orduan % 15,2 eta % 21,5 izan baitziren, hurrenez hurren.

Egilea Andoni Beitia